Horrela, lehenengo fasean 30 bertsolarik kantatuko dute: Udabarria Bertsotanetik sailkatutako 21 bertsolarik eta 2023an finalaurrekoetan kantatu zuten beste 9 bertsolarik. Finalaurrekoetako lehenengo bueltara 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren 7 bertsolariak: 2023an finalista izan zirenak. 18 horietatik 12 sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren bueltara. Eta bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da zeintzuk izango diren finalean kantatuko duten bertsolariak.
Finala, abenduaren 20an, Casillan
Azken txapelketetan finala Bilbao Arenan izan bada ere, aurtengoan Casillan egitea erabaki du Txapelketako Talde Antolatzaileak: «Aldaketa koiunturala izan da, Talde Antolatzaileak egokiago ikusi du aurten finala hor egitea» azaldu du Ione Narbaizak.
Bestalde, aurtengoa Txapelketa Nagusirako puntuagarria den txapelketa da. Bizkaitik 10 bertsolari sailkatuko dira 2026ko Txapelketa Nagusira.
Sarrerak, salgai
Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera.
Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke: lehenengo fasean 16:30etik aurrera; finalaurrekoetan, 16:00etatik aurrera; eta finalean, ostera, 15:30etik aurrera.
Lanean ari direnei eskertza
Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteako presidenteak txapelketa «egunean-egunean egiten dan lanaren fruitua eta eskaparatea» dela azaldu du: «eskoletatik hasi, bat-bateko taldeetan segi, eta bertso eskoletaraino.» Bestalde, taldeen beharra ere eskertu du: talde antolatzaile, gai-jartzeile epaile eta boluntario lanetan ibiltzen diren petodunak.
Era berean, «Txapelketaren babesleak ere eskertu ditu: urtero-urtero gure babesle nagusi den Bizkaiko Foru Aldundia eskertu gura genuke, baita BBK, saioak egingo diren herrietako udal eta hedabide laguntzaileei ere.