Cirque du Soleil-ek iragarri du kritikak gehien goraipatutako bere ikuskizunetako batekin etorriko dela Bizkaira, biran dagoen KURIOS – Bitxikerien Kabinetea lanarekin, hain zuzen ere. Publikoa errealitatetik ihes egitera eta aparteko irudimeneko mundu batean murgiltzera gonbidatuta dago, Karpa Handipean, Ansioko Azoka Eremuan (Barakaldo), 2026ko apirilaren 8tik aurrera.
Ekimen honekin, Cirque du Soleil-en Karpa Handia Bizkaira itzuliko da, 2013an KOOZA emankizunarekin Bilbon izan zenetik, eta 2025ean hogeita bost urte beteko dira konpainiak lehenbizikoz ekarri zuenetik bere magia Euskal Herrira.
«KURIOS» ESPERIENTZIA PAREGABEA
Kritikak mundu osoan goraipatua, KURIOS – Bitxikerien Kabinetea ikuskizunak modu harrigarrian jotzen du berriro Cirque du Soleil-en estilo bereizgarrira, akrobazia ikusgarriak poesia-, arte- eta umore-ukitu freskagarriarekin uztartuz. KURIOS – Bitxikerien Kabinetea, errealitatetik ateratzeko ihesaldi haluzinagarriak steampunk delakoan inspiratutako jai-giroko unibertsoa dakar, non ustekabekoak nonahi ageri diren.
Iragan alternatibo, baina ezagun batean, KURIOS Zientzialari baten laborategi mekanikoan barneratuko da. Zientzialaria ziur baino ziurrago dago mundu ezkutu eta ikusezin bat dagoela, ideiarik eroenez eta ametsik bikainenez betea. Gauza miragarrien mundu horretarako atea irekitzea lortzen duenean, denbora erabat geldituko da; orduan, beste mundu bateko hainbat pertsonaia haren bitxikerien kabineteaz jabetu, eta bere sorkuntzei bizia emango diete, banan-banan. Ikus daitekeena ikusezin bilakatu eta perspektibak eraldatu ahala, KURIOS – Bitxikerien Kabinetea irudimenaren boterearen ospakizun aparta bihurtuko da.
2014an Montrealen estreinatua, KURIOS – Bitxikerien Kabinetea ikuskariak 6 milioi ikusle baino gehiago hipnotizatu ditu mundu osoko 35 hiritan, 50 artistaz osatutako taldeak eskaini dituen 3000 emanalditan baino gehiagotan.
KURIOS – Bitxikerien Kabinetea espektakuluaren trailer ofiziala hemen ikus daiteke.
KURIOS – Bitxikerien Kabinetea 2026ko apirilaren 8tik aurrera gozatu ahal izango da Barakaldon (Ansioko Azoka Eremua).
SARREREN SALMENTA
KURIOS – Bitxikerien Kabinetea Barakaldon ikusteko aurresalmenta esklusiboa apirilaren hasiko da Cirque Club-eko kideentzat, alegia, Cirque du Soleil-en oso zalea izanik eskaintza, albiste eta esperientzia esklusiboak bilatzen dituen online komunitatearentzat. Bertara batzea doakoa da, bisitatu clubcirque.com erregistratzeko. Sarreren salmenta orokorra, berriz, apirilaren 30ean hasiko da, hemen: cirquedusoleil.com/kurios.