«Kontzertu honetan, Danseriek, alde batetik, gure instrumentuaren, txistuaren, iraganari eta aurrekariei begirada bat proposatzen du, gehienbat antzinako eskuizkribu eta tratatuetakoak diren pieza musikalen aukeraketa baten bidez, txistuaren presentziaren, musikaren, funtzioaren eta, are, haren ezaugarri fisikoen eta jotzeko moduaren berri ematen dutenak. Beste alde batetik, ahozko tradizioz (gaur egun ia desagertuta) transmititu zaizkigun musikei, lehen aipatutakoak gogora ekartzen dituztenei, beste begirada bat eman nahi die; hala nola Ardoarena mutil-dantza edo Fistuka eta Arranoa melodiei. Gogora ekartzeaz gain, batzuetan eta besteetan berdin-berdinak diren musika-pasarteak aurki ditzakegu, adibidez, egungo jauzi batzuetan (Azkaindarrak edo Ahuntza) eta hainbat branle errenazentistetan. Ahozko tradizioko musiken artean ere, nahiz eta jatorri berriagokoak izan (XVIII. mendekoak, ziurrenik), programako azken bi piezak oinarri dituzten doinuek, Nafarroako Pirinioetako soka- eta joko-dantzetakoak, gure egungo txistua oinordeko den garai batera garamatzate.»