Denise Scott Brownek arkitektura garaikideko bikote emankor eta iraultzaileenetakoa osatu du Robert Venturirekin. Bidaiari eta argazkilari nekaezina izan da. Zambian jaio zen (Rodhesia ohia), baina Hegoafrikan hazi zen, eta hantxe egin zituen lehen ikasketak; gero, Ingalaterran eta Italian ikasketak osatu, eta Europan barrena bidaiatu zuen. Estatu Batuetako Ekialdeko eta Mendebaldeko kostaldeetan jarraitu zuen ikasten eta irakasten, eta, 1958an, Filadelfian finkatu zen, eta hantxe bizi da gaur egun.
Amaierako hitzaldian, erakusketaren komisarioek –María Pia Fontana eta Miguel Mayorga– bidaiak jakintzarako eta ikasketarako tresna gisa Scott Brownen bizitzan izandako garrantzia aztertuko dute. Arrazoi pertsonalek eta ikasketek bultzatuta bidaiatu izan du, ikasle, irakasle, proiektista eta baita ekintzaile modura ere. Bisitatu dituen tokiak, paisaiak eta hiriak funtsezkoak izan dira hirirako eta arkitekturarako bere hurbilketa kritikoa eraikitzeko.

