
Die Todesmühlen / Death Mills (1945). AEB. 22 min
Wilder Europara itzultzen da Bigarren Mundu Gerra amaitzean, Office of War Information erakundeak eskatuta Alemaniako industriaren “desnazifikazioan” laguntzeko. Kontzentrazio-esparruetan sartu ondoren aliatuek filmatutako lehen materiala jasotzen dutenean, munduari, eta bereziki alemaniarrei, han gertatutakoa erakusteko film bat egitea erabakitzen dute. Wilderrek Cameron Croweri bere elkarrizketa-liburu ospetsuan kontatzen dioenez, berak ez zuen plano bakar bat ere filmatu, jasotako irudiak muntatzeaz bakarrik arduratu zen.
Cinco tumbas al Cairo (Five Graves to Cairo, 1943). AEB. 96 min
John Bramble, tankeen kabo ingelesa, Rommelen Afrika Korps unitatearen aurkako batailatik bizirik irtendako bakarra da, eta nekez iritsi da Farid egiptoarraren jabetzako hotel txiki batera, Mouche frantsesaren laguntzarekin daramana. Hala, une horretan iristen da zutabe alemaniar bat.