Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Dies Oiassonis 2025 – Irungo Erromatar Jaialdia

julio 9 - julio 13

Irungo Udalak antolatutako Dies Oiassonis jaialdiak asmo handiko proposamena dakar aurten, eta Oiasso museoko terma erromatarrak izango dira erakargune berria. Jaialdia uztailaren 9tik 13ra luzatuko da, eta askotariko berritasunak dakartza programan. Jarduera ugari antolatuko dira, hala Oiasso museoan nola hiriko beste puntu batzuetan, Irungo ondare erromatarra herritarrei eramateko, dibulgazioan eta parte-hartzean oinarritutako proposamen batekin.

Berrogeita hamar bat jarduera antolatuko dira uztailaren 9tik 13ra bitartean egingo den Dies Oiassonis jaialdiaren XV. edizioan. Batzuk sendo errotutako klasikoak dira, hala nola Navigium Isidis, zirku erromatarra edo pintxo erromatarraren ibilbidea, eta Oiasso museoan edo hiriko beste zenbait puntutan izango dira. Programazio osoa aurrerago iragarriko da.

Edizio honetako berritasunez artean, aipatzekoa da jaialdiari hasiera emango dion antzezlana, Ifigenia; Amaia KZn eskainiko da uztailaren 9an, asteazkenarekin, 21:00etan. Aktoreen artean, aipagarri dira María Garralón eta Juanjo Artero. Obra 2024ko uztailean estreinatu zen Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdi sonatuan.

Era berean, lehiaketa gastronomikoa lekualdatuko da: orain arte udaletxeko arkupeetan egin bada ere, aurten Almudena Grandes plazan antolatuko da. Lehiaketaren gaia ere aldatuko da: Orain arteko arrain zopa atzean utzita, aurten Isicia Omentata onena nork prestatuko duen ikusteko lehiatuko dira parte-hartzaileak. Antzinako Erroman jaten zen plater hori askotariko bizigarriekin prestatutako haragi txikituzko enpanada bat da, gaur egungo hanburgesen nolabaiteko aurrekari bat. Lehiaketako herri-epaimahaiko kideak doan sartuko dira gonbidapenarekin.

Gaiz beste eginda, antzezpen historikoek protagonismo handia izango dute aurten. Espazio handiagoa hartuko dute Oiasso museoan, termen kanpoaldean eta Almudena Grandes plazan.

Azoka erromatarra ere itzuliko da Irungo kaleetara, zehazki Fermin Calbeton, Genaro Etxeandia eta Foru kaleetara. Horrez gain, postu batzuk instalatuko dira Luis Marianoko lorategietan ere.

Azkenik, terma erromatarren bisita gidatu berezi bat eskainiko da: salbuespenez, apirilean irekitako azpiegitura hori gauez bisitatzeko aukera eskainiko da, zentzumenekin lotutako kontuei leku berezia emanez. Uztailaren 11n izango da (ostirala). Gainera, Tarragonako Thaleia antzezpen historikoko taldeak Thermae eta Bainea ikuskizunaren hiru emanaldi eskainiko ditu, larunbat arratsaldean eta gauean eta igande goizean, termen kanpoaldean.

Sarrerak:

Ifigenia antzezlanera (uztailak 9, 21:00), afari erromatarrera (uztailak 11, 21:30) edo zirku erromatarraren hiru saioetako batera (uztailak 12, 21:00 eta 23:00; eta uztailak 13, 12:00) joan nahi dutenek ohiko saltokietan eskuratu ditzakete sarrerak: Udalaren webgunean edo Luis Marianoko turismo-bulegoan. Sarrerak aste honetan bertan jarriko dira salgai.  Hona prezioak:

  • Ifigenia antzerki-emanaldia: 7 euro.
  • Afari erromatarra: 30 euro (200 pertsona).
  • Zirku erromatarra: 5 euro larunbatean eta 4 euro igandean.

Antzezpen historikoko emanaldietarako sarrerak jaialdian bertan jarriko dira salgai, Oiasso museoan.

Local

JARDINES DEL CC LOS LLANOS
Sangüesa/Zangoza, Navarra 216 España