
2026ko sanpedroetako eta sanmartzialetako jaietako programaren lehenengo jardueren artean, Irungo Udalak Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XVI. kartela aurkeztu du. Uztailaren 15etik 19ra bitartean izango da, eta jarduera ugari egingo dira Oiasso Museoan zein hirian zehar, hiriaren ondare erromatarra hiritarrei hurbiltzeko ikuspegi hezitzaile eta parte-hartzaile baten bidez.
Uztailaren 15etik 19ra bitartean publiko guztientzako programa bat eskainiko da; hala, garai hartako birsortze historikoko jarduerak izango dira Oiasso Museoa bera eta Almudena Grandes plaza bezalako espazioetan. Jakina, kultura ere protagonista izango da plazan, museoko terma erromatarren ondoan espazioa eskainiko baitzaio. Besteak beste, Emilio del Rio-k hitzaldia emango du, antzezlanak egingo dira eta Nayade Abesbatzaren emanaldia edukiko dugu.
Gastronomia ere aurtengo Dies Oiassonisaren erakargarri handienetako bat izango da: hiriko hogei bat taberna eta jatetxek hartuko dute parte pintxo erromatarraren ibilbidean eta isicia omentata-ren txapelketan, iaz arrakasta izan ondoren. Gainera, San Juan plazak Convivium edo afari erromatarra hartuko du berriro ere, jaialdi honen beste jarduera klasiko bat. Azoka erromatarrak Oiasso museoaren inguruko kaleak beteko ditu uztailaren 15etik (asteazkena) 19ra arte (igandea).
Bestalde, aurten ere zirku erromatarraren ikuskizuna izango dugu San Juan plazako hondarrean. Eta, azkenik, 18an (larunbata), 19:00etan, Isis jainkosa omentzeko prozesio erromatarra egingo da. Zeremonia horren bidez, hiriko kaleak zeharkatuko dira eta itsasoko nabigazioa ospatuko da.
Sarrerak
Antzezlanerako, zirku erromatarraren hiru ikuskizunetarako eta Convivium-erako sarrerak udalaren webgunean eskainiko dira ekainaren 10etik aurrera (asteazkena), bai eta Luis Marianoko lorategietan dagoen turismoko bulegoan ere.
Eguraldi txarra badago, convivium-a Santiagoko pilotalekuan egingo da, karpa batekin estalita.
Dies Oiassonis
15 edizio ondoren, Dies Oiassonis jaialdiak gure ondare arkeologikoa eta Oiasso zaharraren historia modu atsegin eta desberdin batean gozatzeko aukera ematen du: portua, termak, nekropolia, meategiak, etab. Antzerki-emanaldiak, esperientzia gastronomikoak, azoka eta antzezpenak, hala nola gladiadore borrokak edo Navigium Isidis Isis jainkosaren ohorezko prozesioa… guztiek historia eta ondarea modu didaktikoan eta jai-giroan ezagutzera emango dute.