
2025eko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen egitarauaren barruan.
Silencio (2025). Espainia. 69 min
Pentsa, 14 urterekin ezagutu genuen, 2005ean Fidel antzezten zuenean ezinbesteko “Aida” seriean. Pentsa, denborarekin autoretza bikaineko unibertso bat eraiki du, Pielesekin (2017) koroatua. Pentsa, gaur, atzo bezala, berak bezalaxe pentsatzen dugu, berresten digunean: “Banpiroa figura guztiz poetikoa da”. Pentsa, Locarnok handikiro proiektatu zuen Silencio bere miniserie hau, non emakume banpiro harrigarriak dabiltzan mendeen artean umore hilgarriz eta apurtutako portzelana bezain eder, non epidemiek gizakiak hertsatzen dituzten, non zure banpiro-maitaleak bakarrik salba zaitzakeen azken gaindositik eta “zomorrotik”, hau da, GIBetik. Ikusgarria arte zuzendaritza, gailenak jantziak, gaindiezinak makillajea, efektuak, produkzio diseinua. Paregabeak emakumeak, aktoreak.
Hold the Fort (2025). AEB. 76 min
76 minutu irauten du, beraz, azkar-azkar ezabatzen du haratustela. Eta ia kanpoaldera irten gabe. Dena lau hormen artean. Gauez. Bizilagunen bilera, AEBn hain tipikoak diren etxe horien jabe harroak, beren lorategi eta garajearekin. Jennyk eta Lucasek erosi berri dute bat. Oso pozik dago gizona. Ez hainbeste emakumea. Baina hori hobe toperik ez duen alokairua baino, ezta? Ba, segun eta… baldin eta deskubritzen baduzue ongietorriko festan komunitateak plan bat duela defendatzeko urbanizaziotik tarteka agertzen diren sorgin, zonbi, gizotsotik. Lasai. Hartuko diozue neurria. Eta gustua. Hau bi adiskidek, Williamek eta Scottek (Hawkins) egin duten parranda bat da. Sitgesen, Midnight X-Treme sailean programatu zuten beren Hold the Fort. Jakin dezazuen pixka bat nondik nora doan.