Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia 2026: egitaraua

abril 23 - abril 30

Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia apirilaren 23tik 30era bitartean egingo da. Palestine 36 (2025) filmak, Annemarie Jacir zinemagile palestinarra —2019ko Zinemaldiaren Saria jasotakoa— zuzendari duenak, inauguratuko du apirilaren 23an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia, Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatua.

Palestina, 1936. Arabiar Matxinada Handia, estatu independente izatea helburu duena, prestatzen ari da Europan gerrako danborrak entzuten diren bitartean. 1918an Otomandar Inperioaren gainbeheraren ondoren, Frantziak eta Erresuma Batuak eskualdea zatitu eta Britainiar Agintaldia ezarri zuten Palestinan. 1930eko hamarkadaren erdialdean, lurraren, immigrazioaren eta botere kolonialaren aldeko tentsioak areagotu egin ziren. 1936ko apirilean, greba orokor batek hiriak eta landa-eremuak astindu zituen.

Annemarie Jacir bere herrialdeko historiara hurbiltzen da bere film berrian. Haren hitzetan:

“Film hau egitea nire bizitzan egin dudan gauzarik zailena izan da. Genozidioa hasi zenean, denak jo zuen behea. Gure herria suntsitzen ari ziren, eta gure historiaren une ilun bati buruzko film bat egiten saiatu ginen, inoiz bizi izan dugun unerik ilunenetako bat biziko genuela jakin aurretik. Sakonera berrietan murgildu ginen; eromen bat zirudien. Batzuetan lur jota geunden. Kontua galdu nuen zenbat aldiz hasi eta gelditu zen ekoizpena. Aurrera jarraitu genuen. Antzezleak eta ekipoa elkartu egin ziren zerbait egin beharra zegoela tematuta, gure oinaze guztia maitasun ekintza batean iraultzeko, elkarri esateko ez gintuztela ezabatuko. Gidoia, historia, lokalizazioak… dena aldatu zen. Gauza bat indartu zen, ordea. Film hau ofrenda bat bihurtu zen”.

SINOPSIA

1936. Britainiar Agintaldiko Palestinako herrixkak britainiarren nagusitasun kolonialaren aurka altxatu bitartean, Yusuf bere landa-etxearen eta bizitasun handiko Jerusalemgo hiriaren artean noraezean dabil etorkizun baten bila, hazten ari den asalduratik harago. Baina historia gupidagabea da. Europan gero eta immigrante judu gehiago ari dira antisemitismotik ihes egiten, eta Palestinako populazioa elkartzen hasia da altxamendurik handienean eta luzeenean, britainiarren hogeita hamar urteko nagusitasunaren aurka. Gauzak horrela, talka saihestezin baterantz doaz alde guztiak, Britainiar Inperioarentzat eta eskualde osoaren etorkizunarentzat erabakigarria den une batean.

Programazioaren aurrerapena 

Urtero bezala, zinemaldiak hainbat gai izango ditu ardatz, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten papera, Bangladesheko larrialdi klimatikoa munduko beste eskualde askotan gertatzen ari denaren adibide gisa, eta ehungintzaren industriako lan prekarietatearen feminizazioa, kasu honetan Ekialdeko Europan.

Bestetik, kontatuko dituen historien artean daude Josef Mengeleren desagerpena, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Hego Amerikara ihes egindakoa; sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeek denuntziak egiteko orduan dituzten zailtasunak, eta emakume errefuxiatuen arteko sororitatea.

19:00/20:00etako emanaldien ondoren egingo diren solasaldietan gaurko hainbat gaitan sakonduko da, filmetako ordezkariek eta giza eskubideen arloan lanean diharduten pertsona, ekintzaile eta erakundeek parte hartuta; beren esperientziak publikoarekin partekatuko dituzte.

SAIL OFIZIALEKO FILM LUZEEN AURRERAPENA

  • À bras-le-corps (2025). Marie-Elsa Sgualdo. Suitza-Belgika-Frantzia

Emmak 15 urte ditu, haurdun dago bortxaketa baten ondoren, eta landa-eremuko bere komunitate protestanteari egiten ari zaio aurre, autodeterminaziorako bidea egin nahian. Hala, bere trauma katalizatzaile bihurtzen du bere emantzipazioa lortze aldera, herrixkaren hipokresia moralari eta inguratzen duen Bigarren Mundu Gerraren espektroari aurre egin bitartean. Kontakizunak aurrera egin ahala, egia saihestezina agertzen zaio: inor ez da neutrala gerra garaian.

  • Black Water (2025). Natxo Leuza. Espainia

2050. urtean Bangladeshek 220 milioi biztanle inguru izango ditu eta bere lurraldearen zati handi bat urpean geratuko da. Egoera horrek 10 eta 30 milioi biztanle arteko lekualdaketa behartua ekar lezake herrialdearen hegoaldeko kostaldetik, eta bangladeshtar asko «errefuxiatu klimatiko» gisa bertatik alde egitera behartu: mendearen erdialderako giza kolektibo hau mundu osoan 250 milioi pertsonak osatuko dutela aurreikusten da. Hortaz, gizadiaren historiako migrazio masibo handienaz ari gara, planeta mailan. Noiz arte izango da gai Dhaka hainbeste jende hartzeko?

  • The Disappearance of Josef Mengele (2025). Kirill Serebrennikov. Frantzia-Alemania

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Josef Mengelek, Auschwitzeko “heriotzaren aingeruak”, Hego Amerikara ihes egin zuen bere bizitza klandestinitatean berregiteko. Bere semea berriro elkartuko da harekin eta bere begiradaren bitartez Mengelek bazter utzitako iraganari aurre egin behar izango dio berriro. Buenos Airestik Paraguairaino, Brasiletik igarota, Mengelek zehatz-mehatz antolatuko du bere desagerpena epaitua izan ez dadin.

  • Girls & Gods (2025). Arash T. Riahi, Verena Soltiz. Austria-Suitza

Feminismoa eta erlijioa batera egon daitezke? Girls & Gods beldurrik gabeko bidaia bat da, gai hau aztertzeko Inna Shevchenkok sortu eta bultzatutako proiektua. Duela urte batzuk FEMENek botere-egitura patriarkalen aurka egindako protestetan buru izateagatik ezaguna, Shevchenko protestaren ordez elkarrizketaren alde agertu da, apaiz, iman, errabino, teologo eta beste emakume aktibista batzuekin. Elkarrekin, emakumeen eskubideen eta tradizio erlijiosoen arteko arrakalari heldu eta galde egiten diote beren buruari tradizio horiek genero-berdintasuna beren baitara ekarri ahal duten eta feminismoak leku sakratuetan bere lekua aurkitu.

  • Iván & Hadoum (2025). Ian de la Rosa. Espainia-Alemania-Belgika

Iván maitemindu egiten da Hadoumez, lan egiten duen Almeriako berotegiko lankide berriaz. Hala ere, Ivánek lortutako lan-igoerak, hainbeste irrikatuak, eragina izango du bikotearen harremanean, behartu egingo baitu zer pertsona-mota izan nahi duen erabakitzera. Ian de la Rosaren opera prima, Berlinalen Teddy Award saria irabazitakoa, baita Zilarrezko bi Biznaga ere (Epaimahaiaren Sari Berezia eta Gidoi Onena) Malagako Zinemaldian.

  • Made in EU (2025). Stephan Komandarev. Bulgaria-Alemania-Txekiako Errepublika

Film hau ere Gasteizen proiektatuko da, Zinemaldiaren eta Langile Zinemaren Astearen arteko lankidetzan

Ivak Bulgariako landa-eremuko arropa-fabrika batean egiten du lan, eta gaixotasun iraunkor eta misteriotsu bati aurre egiten ari zaio. Bere herri txikian Covidaren lehen kasua bera dela jakiten denean, berri hori azkenik ez duen j’accuse bihurtzen da: lehenik, lantegiko jabeen aldetik, erantzukizuna desbideratzeko gogoz, eta gero, lankideen aldetik, semearen aldetik eta, azkenik, komunitate osoaren aldetik, nahiz eta urteak diren herritik atera ez dela. Birusaren aurreneko biktimak agertu ahala gero eta gogorragoak dira publikoki jasotzen dituen irainak, berehala paria sozial bihurtzera eramango dutenak.

  • Promis le ciel (2025). Erige Sehiri. Frantzia-Tunisia-Qatar

Marie bolikostarrak, garai batean kazetari eta orain artzain, hamar urte daramatza Tunisian bizitzen. Bere etxea babesleku bat da Naneyrentzat, etorkizun hobeago baten bila dabilen ama gaztearentzat, eta Jolierentzat, bere familiak itxaropen guztiak jarrita dituen ikasle ausartarentzat. Neska umezurtz baten etorrerak proban jarriko du haien elkartasun sena tentsio handiko giro sozial batean, eta egoera horrek agerian utziko ditu haien zaurgarritasuna eta indarra.

  • Sucia (2025). Bàrbara Mestanza, Marc Pujolar. Espainia

Masaje batean sexu-eraso bat jasan ondoren, Bàrbara Mestanza aktoreak arte bihurtzen du trauma: antzezlan gordin eta kontzesiorik gabeko bat. “Zergatik ez zenuen ezer egin?” galderaren aurrean, bidaia bati ekiten dio bere erasotzailea aurkitzeko, maskulinotasun toxikoa kuestionatzeko eta bere ahotsaren bitartez justizia aldarrikatzeko.

 

Local

Gasteizeko Eszena-Arte Tailerra (TAE)
Reyes Católicos, 4 Bajo | Los Molinos (Antiguo Colegio san Ignacio)
Vitoria-Gasteiz, Álava 059 España