
2026aren uztailaren 22tik 26ra egingo da Jazzaldiaren 61. edizioa. Aurtengo programazioak Jazz panoramako artista gailenetako batzuk biltzen ditu, izen ospetsuekin, proposamen berriekin, eta Europako Jazzik onenaren panorama zoragarria eskainita.
Gainera, hemen aurkezten diren proposamenetako lauk XX. mendeko musikak eta Jazzak eman dituen musikari handienetako bi ekarriko dituzte gogora. Hala, Miles Davisi eta John Coltraneri omenaldia egingo zaie haien jaiotzaren mendeurrenean, lau kontzertutan haien lan eta sorkuntza-aldi garrantzitsu eta gogoangarrienetako batzuk berrinterpretatuta.
Izarren izenen artean bi nabarmentzen dira: Pat Metheny gitarrista, Side Eye III+ bere azken proiektuaren bertsio handitu eta hobetuarekin; eta Diana Krall, Jazz unibertsoko abeslaririk ezagun eta baloratuena.
Izarrak dira baita ere edizio honetako eskaintza osatzen duten artistetako asko: Joe Lovano, David Murray eta Azar Lawrence saxofonistak; Marcus Miller baxua; Charles Tolliver tronpetista; Bruce Barth pianista; eta Cécile McLorin Salvant eta Carmen Lundy abeslariak.
Izen berrien artean, bada bat distira berezia dariona: Samara Joy abeslari gaztea, 26 urte besterekin dagoeneko 5 Grammy irabazi dituena. Gospel eskolan hezitako etorkizuneko (edo egungo?) super izar hau ahotsa miresgarri eta teknika harrigarri baten jabe da. Beste musikari gazte eta etorkizun handiko batzuk Antonio Lizana saxofonista eta abeslaria eta Julius Rodriguez pianista dira, azken hau Jazz pianoaren berrikuntzaren bultzatzaile interesgarrienetako bat.
Bestetik, nabarmentzekoa da emakumezko Jazz bokalaren lau ordezkari handik hartzen duten protagonismoa: Diana Krall, Samara Joy, Carmen Lundy eta Cécile McLorin Salvant.
Azkenik, Europako Jazzak bere ordezkari gailenetakoak izango ditu programazioan: Louis Sclavis frantsesa, ibilbide musikal luze bezain bikaina egina duen klarinetista; frantsesak ere, eta aldameneko herrialdean idoloak, Émile Parisien saxofonista eta Vincent Peirani akordeonista berritzaile eta birtuosoa; Benjamin Moussay, pianista, frantsesa ere, lirikoa eta introspekzio-giro zoragarriak sortzeko gai dena; Erik Truffaz tronpetista suitzarra, Miles Davisen Sketches of Spain (1960) lan gailena birsortzeko ardura hartu duena; eta Nils Petter Molvær norvegiarra, ospea eman zion Khmer (1998) proposamen musikalarekin.
Abenduaren 16an, 11:30etik aurrera, jarriko dira salgai sarrerak eta abonuak agertoki hauetarako: Trinitate Plaza, Kutxabank Kursaal Auditorioa, FCC Victoria Eugenia Antzokia eta Škoda San Telmo Museoa (Klaustroa).
Erosketak leihatiletara bertaratuta edo gure webgunean eta Donostia Kulturaren webgunean egin ahal izango dira.
61 Jazzaldiko doako kontzertuak datozen hilabeteetan iragarriko dira.
Trinitate Plaza:
Jazzaldiaren agertoki enblematikoenak, beti bezala, 4 gau eskainiko ditu, bakoitzean saio bikoitz batez gozatu ahal izateko.
Uztailaren 23an, David Murray Quartetekin hasiko gara; berrogeita hamar urte baino gehiago Jazz modernoaren soinuari forma ematen jardunda, 70 urterekin inoiz baino sasoi hobean dagoen musikaria da Murray: ausarta, sortzailea, tradizioan errotua, baina betiere mugak gainditzen. Eguneko bigarren kontzertua, Paramount Quartetena, lau super izarrek emango dute: Joe Lovano maisua saxoan, berdinik ez duen soinu bero eta fraseatze arinekin; Julian Lage gitarran, dotorea eta argitasun harrigarrikoa; Santi Debriano kontrabaxuan, eragin afro-latino erritmikoa eta sakona dariona; eta Will Calhoun baterian, sendoa eta ñabarduraz betea.
Ostiralean, uztailak 24, iritsiko da Coltraneren omenezko lehen kontzertua, Azar Lawrence Quartet: John Coltrane. The Impulse Era! Coltraneri lotutako tradizioaren eta Jazz garaikidearen dimentsio berrien arteko konexiorik puruenaren ordezkaria da Lawrence, eta Jazzaren iraultza asaldatuenaren oinarriak finkatu zituen “Traneren” urteak omenduko ditu, jarrera ausart eta abangoardistarekin. Bigarren kontzerturako Cécile McLorin Salvant izango dugu, Jazz garaikideko ahotsik onenetakoa eta berezienetakoa, emozioak zuzenean bihotzera transmititzeko gai den sortzaile geldiezina.
Uztailaren 25ean, omenaldi bikoitza izango dugu, lehena Coltraneri eta bigarrena Miles Davisi. Gaua Charles Tolliverekin hasiko da, gure garaiko tronpetista, konpositore eta moldatzaile handienetako batekin, eta Coltraneren maisulanetako bat, Africa/Brass (1961), berrinterpretatuko du, 4 musikari bikainek eta Musikene Big Bandek lagunduta; Charles Tolliver Africa/Brass Celebrating Coltrane’s Centennial izenburua duen kontzertu paregabea. Gaueko bigarren kontzertuan Miles Davis izango da omendua; Marcus Miller: We Want Miles! kontzertu hau gure garaiko musikari handienetakoa den Marcus Millerek emango du, Illinoiseko jenioaren bandako kide izan ziren beste hiru musikarirekin batera: Mike Stern, Bill Evans eta Mino Cinelu.
Igandean, uztailaren 26an, Vincent Peirani – Living Being IV (Time Reflections)ekin hasiko gara; Peirani akordeonista birtuoso eta konpositore frantsesak, Europako Jazzak eman duen artista berritzaile eta moldakorrenetakoak, sormenak bultzatuta etengabeko esplorazioan murgilduta dabiltzan musikari handiek lagunduta, emanaldi berezi bezain ahaztezina eskainiko dute. Gaua New Sketches of Spain: Erik Truffaz – Antonio Lizana kontzertuarekin amaituko da; Miles Davisen musika ospatu eta gogora ekartzeko kontzertua. Jatorri espainiarreko musikaren aurkikuntzak inspiratuta, Miles Davisek Sketches of Spain (1960) kaleratu zuen, Jazza munduko musiketara irekitzeko mugarria, alegia.
Kutxabank Kursaal Auditorioa:
Kutxabank Kursaal Auditorioko kontzertuak uztailaren 23an hasiko dira, Donostian lehen aldiz arituko den Jazzaren izar handi berri batekin: Samara Joy. Zalantzarik gabe, Jazz ahotsik onenetakoa. Komeni da artistari arrastoa jarraitzea, hurrengo urteetan zer entzun asko emango baitigu ziur aski.
Uztailaren 24an, Nils Petter Molværen txanda izango da, eta Khmer (1998) bere aurreneko lan diskografikoaren berrinterpretazioa ekarriko digu. Musikari norvegiarra Europako Jazz garaikidearen funtsezko figura da, eta bere lengoaia propioa sortu du, non elektronikaren, inprobisazioaren eta soinuen esplorazioaren artean arnasa hartzen duen tronpetak.
Larunbatean, uztailaren 25ean, Pat Metheny izango da, Jazzaren mito bizia, azken hamarkadetako gitarrista karismatiko eta handienetakoa. Mende erdia baino gehiagoko ibilbidea du egina, eta oso musikari gutxik baiezta dezaketen zerbait lortu du: bere instrumentuaren soinua etengabe berrasmatzea, bere nortasuna inoiz ere galdu gabe. Bere musika, argitsua eta konplexua aldi berean, melodiaren epeltasunaren eta esplorazio harmonikoaren artean, inprobisazio askeagoaren eta konposizio zehatzagoaren artean mugitzen da.
Azkenik, uztailaren 26an, Diana Krall ikusi eta entzuteko aukera izango dugu. Jazz garaikideko figura gailen eta maiteenetako bat. Pianoarekiko bere aparteko sentsibilitateak, bere ahots bero eta iradokitzaileak, berezkoa duen dotoreziak eta tonu intimistak artista unibertsal bihurtu dute.
Škoda San Telmo Museoa:
Edizio honetan, goizez, 5 kontzertu izango ditugu Škoda San Telmo Museoko klaustroan.
Uztailaren 22an, Julius Rodriguez izango dugu. AEBko pianista gazteak energia bizia eta kutsakorra, publikoarekiko konexioa errazten duen naturaltasuna eta amaierarik ez duela dirudien sormena zabaltzen ditu bere emanaldietan.
Uztailaren 23an, Bruce Barth pianistak eta Vicente Archer kontrabaxuak osatutako bikotea izango dugu. Nazioarteko Jazzean eskari gehien jasotzen duten musikarietako bi. Jazzaren klasiko batzuen gaineko beren ikuskera eskainiko digute, baita konposizio propio batzuk ere.
Uztailaren 24an, Benito Gonzalez izango dugu piano soloan. Diskurtso pertsonala, ausarta, sortzailea eta intuitiboa duelako nabarmentzen da. Jazzaren ondarea eraldatzen dihardu pianoan, horizonte berrietara bultzatuta.
Uztailaren 25ean, Benjamin Moussayren txanda izango da. Teklatuaren magoa, espazioen modelatzailea, pianista irudimentsua, ukitu sentsual eta ikuspegi berezi eta erraz identifikatzeko moduko baten jabe.
Museoko klaustroan emango den azken kontzertua uztailaren 26an izango da. Europako oraingo Jazzaren kolaborazio aipagarrienetako bat izango dugu, bikote honek osatua: Émile Parisien saxo sopranoan eta Vincent Peirani akordeoian. Bi musikari frantsesek Abrazos (2020) beren diskoa interpretatuko dute, muga estilistikoetatik harago doan proposamen musikala.
FCC Victoria Eugenia Antzokia :
Seigarren aldiz jarraian, Jazzaldiaren baitan, JazzEñe izango dugu FCC Victoria Eugenia Antzokian. JazzEñeren hamabigarren edizioa izango da, SGAE Fundazioak antolatua eta, aurreko urteetan bezala, 4 saio bikoitz izango dira, uztailaren 22tik 25era, showcase formatuan, Jazz espainiar onenarekin. Hautatutako 8 proposamenekin osatuko den programazioa 2026ko udaberrian emango da ezagutzera.
JazzEñez gain, beste bi kontzertu izango dira antzokian. Uztailaren 22an, 18:00etan, Carmen Lundy arituko du, bere musikaltasun berritzaileagatik eta eszenan duen presentziagatik miresmen handia zaion abeslaria. Zuzenekoetan, oso erakargarria da birtuosismoa eta emozioa uztartzen dituen modua, eta horrek eraman du egungo Jazzean handienen artean egotera. Victoria Eugenia Antzokiko kontzertuei amaiera emateko, Louis Sclavis Quintet izango da uztailaren 26an; klarinetista aparta, soinu-narratzaile handienetakoa eta musika inprobisatuaren figura enblematikoa Frantzian.