Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Donostiako Zinemaldia 2025: egitaraua

septiembre 19 - septiembre 27

Irailaren 19tik 27ra bitartean Donostia Zinemaldiak bere 73. edizioa egingo du. Donostia Zinemaldiak aitortza egingo dio Esther García ekoizlearen ibilbideari Donostia saria emanda; hain zuzen ere, El Deseo konpainiaren sorreratik lau hamarkada bete direnean. Garcíak funtsezko lana egin du Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintza nazioartekotzeko. Horrez gain, 73. edizioaren kartelak gorazarre egingo dio Marisa Paredes aktoreari. Paredes Zinemaldiaren izar maitatuenetako bat izan zen 1977an lehen aldiz etorri zenetik iaz hil zen arte.

Zortzigarren urtez jarraian, zinemagintza garaikideko artista handi bat da kartelaren protagonista; 2018tik Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem eta Cate Blanchetten erretratuak egon dira kartelean. Aurtengo posterra, Marisa Paredesen irudia duena, Donostiako Wallijai estudioak diseinatu du, Manuel Outumuro  argazkilariak 2000 . urtean Madrilen egindako argazkian oinarrituta. Gainerako sailetako kartelak ere Wallijaik eginak dira eta, ohi bezala, argazkia eta ilustrazioa bateratzen dituzte, oraingoan ideia honekin jolasteko: denok daramatzagu hainbat film geure baitan. Halaber, posterrek genero banari buruzko erreferentziak dituzte, agerikoagoak edo lausoagoak: drama (New Directors), zinema belikoa (Horizontes Latinos), erromantikoa eta musikala (Zabaltegi-Tabakalera), zientzia-fikzioa (Perlak), anime-a (Nest), beldurrezkoa (Culinary Zinema), abentura-istorioak (Zinemira) eta western-a (Made in Spain).

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, José Luis Guerin eta Alberto Rodríguez Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira

Aurten, Sail Ofizialean, euren ibilbidea Donostian hasi zuten zenbait zinemagile bilduko dira, hala nola Alberto Rodríguez, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi; izan ere, Zinemaldiak hainbat filmetan lagun egin die zinemagileoi, Espainiako zinemari eskainitako babes irmoaren parte gisa. José Luis Guerin –Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuena En construcción lanarekin– ere itzuliko da.

Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) eta Aitor Arregi (Oñati, 1977) zinemagileek berriro izango dute Urrezko Maskorra irabazteko aukera Maspalomas filmarekin. Jose Ramon Soroiz aktoreak Vicenteren rola egiten du filmean, 77 urterekin Maspalomasen gustuko duen bizimodua daraman gizon batena, hain justu. Moriarti kolektiboaren –Jon Garañoren presentzia ere baduen zinemagile taldearen– beste obra batzuk Lucio (Zabaltegi, 2007) eta 80 egunean (Zinemira, 2010) dira. Sail Ofizialean Loreak (2014), Handia (2017) –Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria– eta La trinchera infinita (2019) –Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren saria, Irizar saria eta FIPRESCI saria– estreinatu dituzte. Azkenik, Marco (2024) filmak Pelark sailari amaiera eman zion, Veneziako Orizzonti sailean estreinatu eta gero.

En construcción (2001) filmari esker Donostian Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI saria irabazi eta ia 25 urtera, José Luis Guerin (Bartzelona, 1960) lehia ofizialera itzuliko da aurten, ez-fikziozko beste obra batekin: Historias del buen valle / Good Valley Stories, Vallbonan –migratzaile ugari dituen Bartzelonako auzoan– filmatua. Guerinek Berlingo zinema-jaialdian estreinatu zuen bere lehen film luzea, Los motivos de Berta (1984) –geroago Zinemaldiko Espainiako Zinearen Ikuspegia sailean programatua–, eta ondoren Innisfree (Zabaltegi, 1990) eta Tren de sombras (1997) –biak Cannesen aurkeztuak– zuzendu zituen. Halaber, En la ciudad de Sylvia (2007) obrarekin Venezian lehiatu zen, eta Guestekin (Zabaltegi-Bereziak, 2010) ere parte hartu zuen jaialdi berean (zehazki, Orizzonti sailean).

Alberto Rodríguezek (Sevilla, 1971) Rafael Cobosekin batera idatzitako Los Tigres aurkeztuko du; Antonio de la Torrek eta Bárbara Lenniek petrolio-sektorerako urpekari profesional gisa lan diharduten bi anai-arrebaren rola egiten dute. Anai-arreben bizitza aldatu egingo da Antoniok istripu bat izan eta urpekaritzan gehiago aritu ezingo duela esaten diotenean. Rodríguezek El factor Pilgrim (Santi Amodeorekin batera zuzendua, 2000) eta El traje (2002) erakutsi zituen New Directors sailean, eta zazpigarrenez hartuko du parte oraingoan Sail Ofizialean; izan ere, 7 vírgenes (2005) –Juan José Ballestari Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eman ziona– eta La isla mínima (2014) –golardo bera eman ziona Javier Gutiérrezi, argazki onenaren sariaz eta 10 Goya sariez gainera– aurkeztu zituen. Eduard Fernándezek beste Zilarrezko Maskor bat lortu zuen El hombre de las mil caras (2016) filmarekin, eta horren ostean, Rodríguezek lehiaz kanpo inauguratu zuen Zinemaldia Modelo 77 (2022) pelikularekin. Zinemagilea izan zen, bestalde, Sail Ofizialean serie bat estreinatu zuen lehena La pesterekin (2017), eta Apagón (2022) serieko zuzendarietako bat ere izan zen.

Alauda Ruiz de Azúaren ‘Los domingos / Sundays’ film luzea Sail Ofizialean lehiatuko diren ekoizpen espainiarretako bat izango da

Los domingos / Sundays –Alauda Ruiz de Azúa euskal zinemagilearen film luze berria– da 73. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko diren ekoizpen espainiarreko lanetako beste bat, jada jakinarazi direnez gainera: Maspalomas, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregirena; Historias del buen valle / Good Valley Stories, José Luis Guerinena, eta Los Tigres, Alberto Rodríguezena.

Alauda Ruiz de Azúak (Barakaldo, 1978) lehenengoz izango du Urrezko Maskorra irabazteko aukera, Los domingos / Sundays filmarekin, klausura-komentuko kontenplazio-bizitzak erakarri egingo duen gazte aparteko eta idealista baten istorioarekin, hain justu. Blanca Soroa hasiberria eta Patricia López Arnaiz –Los destellos / Glimmers (Pilar Palomero, 2024) filmagatik Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuena– dira filmaren protagonistak, eta Miguel Garcés, Juan Minujín, Mabel Rivera eta Nagore Aranburu ere aktore zerrendan daude.

Ruiz de Azúaren lehen film luzea Cinco lobitos / Lullaby (Zinemira, 2022) izan zen, Berlinaleko Panorama sailean estreinatua eta Málagako zinema-jaialdian zortzi sari irabazi zituena, hala nola film onenaren Urrezko Biznaga eta zuzendari berri onenaren Goya saria. Querer (2024) minisailaren egilea ere bada, eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen lan horrekin, lehiaz kanpo, geroago Forqué eta Feroz sariak eta Séries Mania jaialdiaren nazioarteko lehiaketaren golardoa beretzeaz gainera.

Film luze eta telesail bana Sail Ofizialean lehiaz kanpo

Agustín Díaz Yanes (Madril, 1950) Sail Ofizialean izango da berriz, oraingoan lehiaz kanpo, Un fantasma en la batalla / She Walks in Darkness film luzearekin; ETAren aurkako ezkutuko eragiketa handienean inspiratuta dago egilearen lan berria, eta hamarkada batetik gora erakunde terroristan ezkutuko agente gisa aritutako guardia zibil gazte baten istorioa kontatzen digu. Susana Abaitua da protagonista nagusia, eta Andrés Gertrudix, Iraia Elias, Raúl Arévalo eta Ariadna Gil antzezleek osatzen dute zerrenda. Díaz Yanesek Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto (1995) bere lehen lanarekin, eta Victoria Abrilek emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra beretu zuen film horretan egindako lanagatik. Zuzendariaren beste lan batzuk Sin noticias de Dios (Made in Spain, 2001), Alatriste (2006), Sólo quiero caminar (2008) eta Oro (2017) dira.

Alberto Rodríguezek bi aldiz hartuko du parte edizio honetan , eta lehiaz kanpo aurkeztuko du Anatomía de un instante / The Anatomy of a Moment, Javier Cercasen izen bereko liburuan –1981eko otsailaren 23an Espainiak jasandako estatu-kolpearen saiakerari buruzkoan– oinarritutako hiru ataleko minisaila. Hauek dira minisaileko antzezleak: Álvaro Morte, Adolfo Suárez presidentearen rolean; Eduard Fernández, Santiago Carrillo burukide komunistarena egiten; Manolo Solo, Gutiérrez Mellado militar eta politikaria antzezten; eta David Lorente, Antonio Tejero teniente koronel kolpistaren rolean.

Fikziozko eta ez-fikzio lan bana eta bi serie Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan

Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak atalean lau lan emango dira lehiaz kanpo: fikziozko film luze bat, ez-fikziozko beste film luze bat eta bi serie.

Zeru ahoak / Sky Mouths lau ataleko seriean, Koldo Almandozek (Donostia, 1973) Hondar ahoak (2020) laneko pertsonaiak berreskuratu ditu, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga eta Sara Cozar protagonista dituen thriller berri bat sortzeko. Almandozen bigarren film luzeak –Oreina (New Directors, 2018) izenekoak– Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen, baina horren aurretik, bere film labur ugariek Zabaltegi-Tabakalera, Zinemira-Kimuak eta Belodromoa sailetan (besteak beste) parte hartu zuten; zinemagilearen lehen film luzea Sipo phantasma (2016) izan zen, Rotterdamen egon ondoren, Zabaltegi-Tabakaleran hautatua izandako obra.

Karmele drama historikoa –Asier Altunak (Bergara, 1969) zuzendua eta 2019ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan sartua–, Elkarrekin esnatzeko ordua Kirmen Uriberen eleberriaren egokitzapena da, Jone Laspiur, Eneko Sagardoy, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran aktoreak izanik protagonistak. Altunak Aupa Etxebeste! (New Directors, 2005; Gazteriaren saria) zuzendu zuen Telmo Esnalekin batera, baita Kalebegiak (Belodromoa, 2016) film kolektiboaren atal bat eta Agur Etxebeste! (Euskal Zinemaren Gala, 2019) ere. Bakarka, bi film luzerekin parte hartu du Sail Ofizialean: Bertsolari (2011; lehiaz kanpo emana) eta Amama (2015; Irizar sariaren irabazlea). Gure oroitzapenak (Zinemira, 2018) film luze kolektiboaren atal bat ere zuzendu zuen, eta Donostian estreinatu zituen, orobat, ARZAK since 1897 (Culinary Zinema, 2020) eta Hondalea (Euskal Zinemaren Gala, 2021).

Flores para Antonio Isaki Lacuestak (Girona, 1975) eta Elena Molinak (Madril, 1986) zuzendutako ez-fikziozko filma da, Antonio Flores musikariaren bizitza eta ondarea aztertzen duena, artxiboko material ugarien, Alba Flores alabaren, Lolita eta Rosario arreben eta hainbat artistaren testigantzen bidez. Urrezko Maskorra bitan irabazi duen zinemagile eskasetako bat da Lacuesta –Los pasos dobles (2011) eta Entre dos aguas (2018) lanekin–, eta Sail Ofizialean ere parte hartu du Los condenados filmarekin (FIPRESCI saria, 2009), baita lehiaz kanpo ere Murieron por encima de sus posibilidades (2014) filmarekin eta Apagón (2022) serieko atal batekin. Berlinen lehiatu ondoren, Un año, una noche (2022) Perlak sailean programatua izan zen; Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, La noche que no acaba (2010) eta El cuaderno de barro (2011) lanak erakutsi zituen egileak; eta Made in Spain sailean eman zen, azkenik, Segundo premio (2024), Pol Rodríguezekin batera zuzendua eta Málagako Urrezko Biznagaren eta zuzendari onenaren eta muntaketa onenaren Zilarrezko Biznagen irabazlea. Molina, bestalde, Rêve de Mousse (2018) eta Remember my name (2023) ez-fikziozko lanen egilea da; azken horrek Publikoaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Málagan.

Oscar Jaenada eta Ricardo Gómez dira La suerte / Fate filmeko protagonistak; Paco Plazak (Valentzia, 1973) eta Pablo Guerrerok (Lorca, 1975) zuzendutako sei ataleko serie honetan, taxi-gidari bat toreatzaile baten eta haren koadrilaren txofer bihurtuko da bat-batean. Besteak beste, Carlos Bernardino, Óscar Higares, Pedro Bachura, Jason Fernández, Óscar Reyes, Almudena Amor, Almudena Cid, Diana Peñalver, Aria Bedmar eta Manuel Morón aktoreek ere parte hartu dute La suerte / Fate seriean. Plaza Sail Ofizialean lehiatu zen La abuela (2021) lanarekin, Made in Spain sailean [REC] (2008), [REC] 2 (2010) –Jaume Balaguerórekin batera zuzenduak biak– eta Verónica (2017) aurkeztu eta gero. Iaz bere Mugaritz. Sin pan ni postre (2024) filmak Culinary Zinema saria irabazi zuen.

Bi obra New Directors sailean

Irati Gorostidi Agirretxek (Eguesibar, 1988) bere lehen film luzea estreinatuko du, Aro berria; proiektu-fasean zegoela, Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen egilearen obrak, baita beste egonaldi garrantzitsu batzuetan ere –hala nola Locarno Residency eta FidLab delakoetan–; 70eko hamarkadako langile-borrokaren eta Euskal Herrian garai hartan sortutako esperientzia komunitarioen begirada bat planteatzen digu egileak. Gorostidiren zenbait lan Zinemaldian erakutsi dira, hala nola Unicornio (Zinemira Kimuak, 2021) eta Contadores (Zabaltegi-Tabakalera, 2023); azken hau Kimuak katalogoaren parte izan zen, Cannesko Semaine de la critique astean estreinatu ondoren.

La lucha / Dance of the Living José Alayón (Tenerife, 1980) argazki-zuzendari eta ekoizleak zuzendari gisa egindako bigarren film luzea da; Slimane (2013) izan zen lehena. Fuerteventura uhartean filmatutako film berri horren bi protagonistak aita-alabak dira eta biek ere kanariar borroka egiten dute; gizonaren emazte eta neskatoaren ama hil ondoren elkarrekin duten harremana kontatzen digu egileak.

Ikusmira Berriak saria, Un certain regard saria eta Zilarrezko Hartza epaimahaiaren saria, Horizontes Latinos sailean

2020ko Ikusmira Berriak sariaren irabazle La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo da Diego Céspedes (Santiago, 1995) egilearen lehen film luzea; Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) ikasle ohi Céspedesen lanak Cannesko Un certain regard saria beretu zuen. Western moderno honetan, neskato bat mendeku bila dabil, bere familiari gizonen arteko maitasunari lotutako gaixotasun bitxi baten errua leporatu baitiote. Txileko zinemagileak Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) bere lehen film laburrarekin; bigarrena Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022) izan zen, eta Cannesko Semaine de la critique atalean parte hartu zuen egileak harekin (geroago, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen).

Iván Fund argentinarrak (San Cristóbal, 1984) El mensaje / The Message erakutsiko du, 2023ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan eta 2024ko WIP Latam sailean hautatutako lana, Berlingo zinema-jaialdiko Zilarrezko Hartza epaimahaiaren sariaren irabazlea. Piedra noche (Horizontes Latinos, 2021; Veneziako Giornate degli Autori atalean estreinatua 2020ko WIP Latam Industria Saria irabazi ondoren) zuzendu zuen egilearen lan berria road movie emozional bat da, non bederatzi urteko neskato batek eta haren tutoreek maskoten medium gisa baitiraute bizirik.

Hiru film luze eta film labur bat Zabaltegi-Tabakaleran

Schwesterherz / The Good Sister –Sarah Miro Fischerren (Stuttgart, 1993) lehen film luzeak neska gazte baten istorioa kontatzen digu: protagonistaren anaiari bortxaketa leporatu diote. Filmak WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazi zituen iaz, Blaue Flecken / Blue Marks behin-behineko izenburupean, eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean estreinatu zen.

Marta Medina (Valladolid, 1986) gidoigile eta kazetariak eta Enrique López Lavigne (Madril, 1967) ekoizleak El último arrebato / The Last Rapture filmarekin egin zuten debuta zuzendaritzan, Iván Zuluetaren –Arrebato (1980) zinema espainiarraren kultuzko filmaren egilearen– bizitza eta obra ardatz dituen ez-fikziozko lana. Bestalde, Medinak idatzi zuen Asedioren (Miguel Ángel Vivas, 2023) gidoia, eta López Lavignek, berriz, 30 urtetik gora darama J. A. Bayona, Julio Medem, Isabel Coixet, Juan Carlos Fresnadillo, Nacho Vigalondo, Paco Plaza, Jacques Audiard, Javier Ambrossi eta Javier Calvo zinemagileek (besteak beste) zuzendutako filmen ekoizle gisa.

Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatuko da Sergio Oksmanen (São Paulo, 1970) Una película de miedo / A Scary Movie lan berria, dokumental-zuzendari batek eta haren hamabi urteko semeak Lisboako hotel abandonatu batean ostatu hartzen dutenekoa. Goodbye, America (2006), O futebol (2015) –Locarnoko lehiaketan estreinatua–, A Story for the Modlins (2012) –film labur dokumental onenaren Goya sariaren irabazlea– eta beste lan batzuen egileak Zinemaldian parte hartu zuen 4+1: Brasilgo Zinema Garaikidea zikloan emandako A esteticista (2012) lanarekin.

Lur Olaizola Lizarraldek (Donostia, 1988) lehiaz kanpo hartuko du parte sailean Bariazioak / Variations film laburrarekin; bizitzari, doluari eta horien aldakuntzei buruzko hausnarketa, hain zuzen. Euskal zinemagileak Xulia (2019), Zerua blu (2020) eta Hirugarren koadernoa film laburrak zuzendu ditu; Cinéma du Réel lehiaketan lehiatu zen Hirugarren koadernoa, Kimuaken eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartzez gainera.

‘Ciudad sin sueño’, Perlak sailean

Guillermo Galoek (Madril, 1986) Cannesko Semaine de la critique ataleko Prix SACD saria irabazi zuen Ciudad sin sueño / Sleepless City bere lehen film luzearekin, Madrilgo Cañada Real auzoan filmatua antzezle ez-profesionalekin. Agertoki berean eta pertsonaia berberekin filmatu zuen Galoek Aunque es de noche (2023), Cannesko film laburren hautaketa ofizialean parte hartu zuena eta, geroago, Zabaltegi-Tabakaleran programatu zutena.

Fernando Colomoren film luze bat eta Mabel Lozanoren film labur bat, Made in Spain sailaren inaugurazioa

Fernando Colomoren (Madril, 1946) Las delicias del jardín film luzeaz eta Mabel Lozanoren (Toledo, 1967) Abril, hoy no es invierno film laburraz osatutako saio batekin inauguratuko da Made in Spain saila.

Fernando Colomoren (Madril, 1946) Las delicias del jardín / The Delights of the Garden (Colomok berak ere parte hartzen du aktore gisa) pelikularen aktore-zerrendan Pablo Colomo, Carmen Machi, Antonio Resines, Brays Efe eta María Hervás daude. Film honetan, zinemagileak La línea del cielo (Sail Ofiziala, 1983) eta Isla bonita (Zabaltegi, 2015) filmetan baliatutako ukitu autobiografiko eta umoretsua berreskuratu du. Egileak Sortzaile Berriak sailean parte hartu zuen bere lehen lan Tigres de papelekin (1977), eta Zinemaldiko hainbat ataletan erakutsi izan ditu bere obrak, hala nola La mano negra (Sail Ofiziala, 1980) eta El efecto mariposa (Made in Spain, 1996).

Abril, hoy no es invierno / Abril, It’s Not Winter Today film laburraren hasieran garun-paralisia duten pertsonei laguntzen diharduen elkarte bateko abokatu batek SOS mezu bat jasoko du bere telefonoan. Mabel Lozano (Toledo, 1967) zuzendari eta ekoizlearen lan berria da. Lozanoren filmek giza eskubideekin eta emakumearen eskubideekin lotutako gaiak jorratzen dituzte. Chicas nuevas 24 horas (2015) filmarekin dokumental onenaren Goya sarirako izendatu zuten egilea, eta Biografía del cadáver de una mujer (2020) eta Ava (2023) lanekin film labur dokumental onenaren Goya sari bana beretu zuen. Lola, Lolita, Lolazak (2024) –animaziozko bere lehen film laburrak– Loterías Film Laburrak sailaren lehen edizioan parte hartu zuen.

Daniel Sánchez Arévalo eta Leivari buruzko ez-fikzio bat Belodromoan

Belodromoan programatutako lanen artean Rondallas / Band Together dugu, Daniel Sánchez Arévaloren (Madril, 1970) lan berria; Sail Ofizialean parte hartu zuen, lehiaz kanpo, Diecisiete (2019) lanarekin, eta Azuloscurocasinegro (2006) eta Primos (2011) obrak erakutsi zituen, bestalde, Made in Spain sailean. Javier Gutiérrez, María Vázquez, Judith Fernández eta Tamar Novas dira errondaila –musika-talde tradizionala– berreskuratzea erabakiko duen Galiziako udalerri bati buruzko film luze honen protagonistak.

Belodromoko pantaila erraldoian emango da, halaber, Hasta que me quede sin voz ez-fikzioa, Leiva musikariaren bizi-unea, haren zurrunbiloa eta ahots-kordetako batean gertatutako lesio atzeraezin baten ondorioz bizi duen egoera delikatua lehen pertsonan islatzen dituen filma. Hiru egileren lan kolektiboa da filma: lehenik, Mario Forniés dugu (Madril, 1976), proiektu ugari ekoitzi dituena, besteak beste, kantautore madrildarraren bideoklipak; bigarrenik, Lucas Nolla (Madril, 1978), hainbat filmetan muntatzaile-lanak egin dituena; eta, hirugarrenik, Sepia (Ushuaia, 1980), argazkilaria eta musika-bideoen zuzendaria. 

Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour lehiatuko dira Sail Ofizialean

Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileen film luze berriak lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Sail Ofizialean, irailaren 19tik 27ra bitartean.

Arnaud Desplechin (Roubaix, 1960) lehen aldiz izango da Sail Ofizialean, Deux pianos / Two Pianos lanarekin. Film horretan, aspaldiko partez bere sorleku Lyonera bueltatzen den pianista bertutetsu bat da protagonista, zeinak ezinezko maitasun-istorio bat biziko baitu. Antzezleen artean ageri dira François Civil, Nadia Tereszkiewicz, Charlotte Rampling eta Hippolyte Girardot. La Sentinelle / The Sentinel (1992) filmarekin debuta egin ondotik, zinemagile frantziarra behin baino gehiagotan lehiatu da Cannesen eta beste nazioarteko zinema-jaialdi batzuetan. 2009an Donostia Zinemaldiak Rois et reine / Kings and Queen (2004) filma programatu zuen Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena atzerabegirakoan; Perlak sailean, berriz, Trois souvenirs de ma jeunesse / My Golden Days (2015) lana berreskuratu zen, Quinzaine des Cinéastes-etik igaro ondotik; Spectateurs! / Filmlovers (2024) lana, azkenik, Zabaltegi-Tabakaleran eman zen, aurretik Cannesen lehiaketaz kanpo programatuta egon eta gero.

Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) eta Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) zinemagile bikoteak —aurretik Miyamatsu to Yamashita / Roleless (New Directors, 2022) zuzendu zuten Masahiko Satorekin batera— bigarren film luzearekin parte hartuko du Sail Ofizialean: Japonian ekoitzitako SAI SAI: disaster pelikularekin, hain zuzen. Teruyuki Kagawa aktorea izango da beste behin ere protagonista kontakizun ilun honetan, zeinean gizon misteriotsu bat tragikoki agertuko baita zenbait pertsonaren bizitzan, nortasun bat baino gehiagorekin.

Agnieszka Holland (Varsovia, 1948) hirugarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean Franz (Franz Kafka) filmarekin. Txekiar Errepublika, Alemania eta Poloniaren arteko koprodukzio horrek Franz Kafka idazlearen bizitza kontatzen du, jaio zenetik heriotzara arte. Holland aurretik ere lehiatua da Urrezko Maskorra lortzeko Total Eclipse (1995) eta Copying Beethoven (2006) lanekin, eta Donostia Zinemaldian egin zituen lehenbiziko urratsak; hain zuzen ere, Sortzaile Berriak sailean parte hartu zuen Zdjecia próbne / Screen Tests (1978) film kolektiboarekin. Zuzendariaren filmik aintzatetsienen artean daude, orobat, Bittere Ernte / Angry Harvest (1986) eta Europa Europa (Zabaltegi, 1990), Atzerriko film onenaren Oscar eta Gidoi egokitu onenaren Oscar sarietarako hautatuak, hurrenez hurren. Horretaz gainera, bereak dira Olivier, Olivier (1992), The Secret Garden (1993) edo Green Border (2023), zeinak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu baitzuen Venezian. 

Milagros Mumenthaler zinemagile argentinarra (Córdoba, 1977) lehenbizikoz izango da Donostian bere hirugarren lanarekin: Las corrientes / The Currents. Suitzaren eta Argentinaren arteko koprodukzio horrek Isabel Aimé González Sola du protagonista, zeina ustez atzean utzita zeukan iraganarekin borrokatuko baita. Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zituen bere lehenbiziko bi filmak: Abrir puertas y ventanas / Back to Stay (2011), Urrezko Leopardoa eskuratu zuena, eta La idea de un lago / The Idea of a Lake (2016), zeinak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu baitzuen 2013an. Biek parte hartu zuten Horizontes Latinos saileko programazioan.

Alice Winocour (Paris, 1976) zinemagilea berriz izango da Sail Ofizialean bere Couture bosgarren filmarekin —aurretik, Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Donostian Proxima (2019) lanarekin—. Frantzia eta AEBren arteko koprodukzio hori modaren munduan dago girotuta, eta Angelina Jolie eta Louis Garrel ditu protagonista. Zuzendari frantziarrak Augustine (2012) lanarekin egin zuen debuta Cannesko Semaine de la Critique atalean. Jaialdi berera bueltatu zen Maryland / Disorder (2015) filmarekin, zeinak Un Certain Regard sailean parte hartu baitzuen, eta, ondoren Revoir Paris / Paris Memories (2022) lanarekin, Quinzaine des Cinéastes-en. 

Bost film lehiatuko dira XIII. Sebastiane Latino saria eskuratzeko

GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak bost latinoamerikar film izendatu ditu  XIII. Sebastiane Latino sariaren finalista gisa. Hautatutako filmak: Ato Noturno, La misteriosa mirada del Flamenco, Los inocentes, Llueve sobre Babel eta Un mundo para mí.

LGBTIAQ+ komunitatearen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luzeari emango zaio saria. 2025ean bost gizon zuzendarik eta zuzendari emakume batek sinbolizatzen dute defentsa hori kontinente luze-zabalean Brasil, Txile, Peru, Kolonbia eta Mexikoko ekoizpenekin.

Hogeita sei zis pertsonak (21 gizon eta bost emakume) eta pertsona ez-binario batek zuzendutako 26 proiektu ikusi ondoren egin zuen hautaketa GEHITUk, eta erakundeak nabarmendu duenez, «LGTBIAQ+ komunitateek familia moten bilakaerari egindako ekarpena, sexu-harremanak eta queerrak fantasiazko zinemari egindako ekarpena irudikatu nahi dituzte» bost film finalistek. Aurten, epaimahaiak «goraipatzen du pantailan, azkenean, konplexurik gabe, istorio bisexualak eta intersexualak ikustea».

2024an sari asko irabazitako Brasilgo Baby ekoizpenarentzat izan zen Sebastiane Latino saria: «mugimenduzko» film honek homosexualtasuna, maitasuna, haustura, marjinaltasuna eta erresistentzia kolektiboa jorratzen ditu, eta bertan ez dira inoiz falta, halaber, samurtasuna nahiz poza. Marcelo Caetano zuzendaria filmarekin batera egongo da Gipuzkoako zenbait herritan (Deba, Irun eta Errenteria), aurreko urteko irabazlea haietan eman ohi baitute Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan. Hori hala da GEHITUk Mugen Gainetik elkartearekin eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin duen lankidetzari esker.

Sariaren hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta abuztuan jakinaraziko da nor den irabazlea. Deialdiaren bidez, GEHITUk, entitate lankideek eta Donostia Zinemaldiak Latinoamerikako LGTBIQA+ zinema babesten jarraitzen dute Zinemaldiaren esparruan. Hori dela-eta,  73. edizioan (irailaren 19tik 27ra) 26. Sebastiane Saria eman eta Iberoamerikako LGBTIAQ+ zinema-jaialdien X. topaketa egingo da, Espainiako eta Latinoamerikako 25 lehiaketa baino gehiago bilduko dituen ekimena, hain justu.

Donostia Zinemaldiak ‘Ehun metro’, ‘Zergatik panpox’, ‘Hamaseigarrenean aidanez’ eta ‘Oraingoz izen gabe’ film ertainak Klasikoak sailean emango ditu, Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberrituak

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez, Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) film ertainen zaharberritzea finantzatu du 80.000 euroko aurrekontuarekin. Lanak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egiten ari dira, eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emango dira irailean. Lehenengo hiru pelikulak euskarazko zinema sustatzeko Eusko Jaurlaritzak oso-osorik finantzatutako lehenengo proiektua izan ziren.

Ramón Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren eleberri izenkideetan oinarrituta daude, hurrenez hurren, Ehun metroZergatik panpox eta Hamaseigarrenean aidanez, eta Irati Filmak ekoiztetxeak egin zituen, 100 milioi pezetako aurrekontuarekin. Diru hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zuen oso-osorik. Bakedanok zuzendu eta ekoiztutako Oraingoz izen gabe film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen filma.

Lan hauek zaharberritzeko, Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta dauden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabiliko dira. Lehenik, material fotokimikoa garbitu egingo da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko. Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerraraziko dira, betiere jatorrizko fitxategiaren benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzenduko dira. Abuztuan amaituko dira lanak, eta Filmategiko teknikariek gainbegiratuta eta Eusko Jaurlaritzaren babespean gauzatuko dira.

Local

Uribarri Gaubea, Amurrio, Argantzon, Santikurutze Kanpezu, Zalduondo eta
Labastida/Bastida, Álava 028 España