Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Donostiako Zinemaldia 2026: egitaraua

septiembre 18 - septiembre 26

Irailaren 18tik 26ra bitartean Donostia Zinemaldiak bere 74. edizioa egingo du. Ricardo Darín aktore, ekoizle eta zuzendaria –azken hamarkadetako Latinoamerikako eta munduko zinemaren izen ospetsuenetako bat– izango da aurtengo edizioko kartelaren protagonista. Antzezle argentinarrak presentzia handia izan du azken 20 urteotan Zinemaldian; izan ere, 2017an Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso zuen: Donostia Saria.

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan kartelak aurkezteko ekitaldia egin dute gaur eguerdian. José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Maialen Belokik –Rebordinosen ondorengoak– aurkeztu dute ekitaldia. Gaur egun bi zuzendariordeetako bat da Beloki, baina urtarrilean Zinemaldiaren zuzendariaren lanpostura aldatuko da.

Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem, Cate Blanchett eta Marisa Paredes protagonista izan dituen kartel ofizialen ondoren, Ricardo Darín argentinarra Zinemaldiari irudia ematen dion zinematografia garaikidearen bederatzigarren irudia izango da aurtengoan. Iaz bezala, Wallijai estudio donostiarrak diseinatu du posterra, collage gisa, Sebastián Arpesella argazkilari eta musikari argentinarrak 2024an egindako erretratu bat oinarri hartuta.

Wallijaik gainerako sailetarako kartelak ere sortu ditu. Aurreko edizioan gaia genero zinematografikoen ingurukoa zen; oraingoan, berriz, leitmotiva zinemako lanbideak izan dira. Hala, Darínen irudia duen posterrak interpretazioa gogorarazten digu, eta gainerakoak hauekin lotuta daude: gidoigintza (New Directors), soinua (Horizontes Latinos), zuzendaritza (Zabaltegi-Tabakalera), muntaketa (Perlak), arte-zuzendaritza (Nest), makillajea (Culinary Zinema), efektu bereziak (Zinemira) eta ekoizpena (Made in Spain).

Kartel horiei Klasikoak ekimeneko hirurak gaineratuko zaizkie laster. Klasikoak markak hiru proposamen barne hartzen ditu 2024tik: atzerabegirako klasikoa, aurten José Giovanni zinemagile, eleberrigile eta gidoilari frantsesari eskainia; Zinemaldiko Klasikoak saila, eta Euskadiko Filmategiaren zikloa, izen berekoa, urriaren eta abenduaren bitartean Bilbon, Donostian, Iruñean, Donibane Lohizunen eta Gasteizen egiten dena.

  • Darín, mende-erdiko ibilbidea eta ehun antzezlan

Ricardo Darín (Buenos Aires, 1957), Zinemaldiaren 74. edizioko kartel ofizialaren irudia, nola Latinoamerikako hala munduko zinematografiaren irudi ospetsu eta ezagunenetako bat da. Mende-erdiko ibilbidean zehar ehun antzezlan inguru egin izan ditu Darínek, eta horiei esker, 40 sari baino gehiago irabazi ditu; egile-zinemaren eta publiko zabalari zuzenduriko zinemaren inguruko lanak tartekatu ditu aktore argentinarrak. Besteak beste, Adolfo Aristarain, Juan José Campanella, Fabián Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitre zuzendarien aginduetara egin du lan.

Darín bost urterekin hasi zen aktore-lanetan –zehazki, telesailetan–, antzerkian eratu zuen bere ibilbidea eta La carpa del amor filmarekin (Julio Porter, 1979) egin zuen debuta zineman. Zinemaldiaren bederatzi ediziotan izan da. 2005ean Fabián Bielinskyren El aura / The Aura aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta lau urte geroago itzuli zen Donostiara, bi pelikularekin: El secreto de sus ojos / The Secret in Their Eyes (Juan José Campanella, 2009) eta El baile de la victoria / The Dance and the Thief (Fernando Trueba, 2009), lehiaz kanpo proiektatua. 2012an Epaimahai Ofizialeko kide izan zen eta Made in Spain sailean Elefante blanco / White Elephant (Pablo Trapero) proiektatu zen; 2014an, berriz, Perlak sailean parte hartu zuen Relatos salvajes / Wild Tales (Damián Szifron) filmarekin, Europako Film Onenaren Publikoaren Saria lortzeaz gainera. Hurrengo urtean, ex aequo beretu zuen Zilarrezko Maskorra, Truman filmean egindako lanagatik (Cesc Gay, 2015), Javier Cámara aktore-zerrendako kidearekin batera.

2017an Donostia Saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik eta La cordillera / The Summit (Santiago Mitre) filmaren emanaldi berezia aurkeztu zuen. Sail Ofizialari hasiera eman zion geroago, zehazki, El amor menos pensado / An Unexpected Love (Juan Vera, 2018) eta La odisea de los giles / Heroic Losers (Emanaldi Bereziak, Sebastian Borensztein, 2019) pelikulekin. Ekoizle gisa ere aritu zen horietan, lehendabizikoz, eta eginkizun hori izan zuen, halaber, Perlak sailean programaturiko Argentina, 1985 (Santiago Mitre, 2022) filmean; orduan izan zen azkenekoz Gipuzkoako hiriburuan buenosairestarra, eta Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazi zuen obra harengatik. Darín ez bazen ere pertsonalki bertaratu Donostiara, Sail Ofizialean lehiatutako La fuga / The Escape pelikularen (Eduardo Mignogna, 2001) aktore-zerrendan agertu zen, baita hauetan ere: New Directorseko Perdido por perdido (Alberto Lecchi, 1993) eta Amorosa soledad / Lovely Loneliness (Martín Carranza eta Victoria Galardi, 2008; Gazteriaren saria Zinemaldian), eta Perlak saileko Carancho (Pablo Trapero, 2010).

 
 

 

 

Local

Salón de Actos UNI Eibar Ermua
Eibar, Gipuzkoa 030 España