
Antolakuntzak jakinarazten du:
2026ko abuztuaren 12an aukera paregabea izango dugu gertakari astronomiko zoragarri bat bizitzeko: eguzki-eklipse osoa. 1905ean ikusi zen azkena Euskal Herrian. Eklipsea ilunabarra baino pixka bat lehenago izango da eta ez da berdin ikusiko leku guztietan. Esaterako, erabatekoa izango da Araban, Bizkaian (hego-mendebaldean, eta ipar-mendebaldean) eta Gipuzkoan (hego-mendebaldean); Bizkaiko eta Gipuzkoako gainontzeko tokietan partziala.
Fenomeno honen atzean dagoen zientzia esploratzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak, Europako Espazio Agentziak (ESA) eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak “Eguzki-eklipse osoa. Behaketa, esplorazioa eta zientzia” jardunaldia antolatu dute. Ekimena 2026ko maiatzaren 11n, astelehenean, egingo da Bilboko Bizkaia Aretoa-EHUn.
Jardunaldiak jarduera-programa zabala eskainiko du, lau tailer -hiru, goizez, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eta beste bat, arratsaldez, publiko orokorrarentzako- eta astrofisikako profesionalek emandako hiru hitzaldi labur eta ondorengo solasaldia. Gainera, eklipsea modu seguruan behatzea bermatzen duten homologatutako betaurrekoak banatuko dira parte-hartzaileen artean.
Tailerrak eta hitzaldi laburrak
Goizean, Bigarren Hezkuntzako ikasleei (12-15 urte) zuzendutako hiru tailer egingo dira: eguzki-eklipseak nola sortzen diren, zergatik ez diren gehiagotan gertatzen eta zer metodo dauden eklipseak segurtasunez ikusteko, horretarako kamera ilun bat eraikitzen ikasiko dutelarik. Halaber, eguraldiak laguntzen badu, eguzki-behaketak egingo dira.
Arratsaldean, publiko orokorrarentzako tailer bat egingo da, plaza mugatuekin eta aldez aurretik izena emanda, planetario digital batean kosmosari lotutako hainbat alderdi ezagutzeko: Lurraren mugimenduak, urteko garai bakoitzeko zeruaren itxura eta eklipseen sorrera. Plaza-kopurua mugatua denez, parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea honako helbide honetan: kzk.ehu@gmail.com.
Ondoren, 15 minutuko hiru hitzaldi labur izango dira, astrofisikaren arloko hiru profesionalek emanda: Juan Ángel Vaquerizo (ESA), Teresa del Río (EHU) eta Peio Iñurrigarro(EHU).
18:30: Aurkezpena.
18:35 – 18:50: Juan Ángel Vaquerizo (ESA) – “Métodos de observación segura de eclipses” (Eklipseak segurtasunez behatzeko metodoak) – gaztelaniaz
18:55 – 19:10: Teresa del Río (EHU): “Lo que un eclipse total revela del sol” (Eklipse oso batek eguzkitaz argitzen duena) – gaztelaniaz
19:15 – 19:30: Peio Iñurrigarro (EHU): “Eklipseak eta iragateak” – euskaraz. Hitzaldi honek gaztelaniazko aldi bereko itzulpena izango du.
19:35 – 19:55: Solasaldia Juan Ángel Vaquerizo, Teresa del Río eta Peio Iñurrigarrorekin.
Hitzaldietarako sarbidea librea eta doakoa izango da lekuak bete arte. Bertaratzerik ez dutenek hitzaldi guztiak zuzenean eta streaming bidez ikusteko aukera izango dute EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren YouTube kanalaren bidez.