Cargando Eventos

« Todos los Eventos

EHUren Uda Ikastaroak 2026: «Arqueología y Arqueometría contemporáneas: cultura material, prácticas de investigación y enfoques interdisciplinarios»

junio 29

Aurrez aurre eta online zuzenean.

Ikastaro honek diziplinarteko azterketa bat proposatzen du arkeometriak arkeologian duen zereginari buruz. Arkeometria funtsezko tresna da testuinguru kronologiko eta geografiko askotariko ondasun materialen ekoizpenari, zirkulazioari eta erabilerari lotutako prozesu kulturalak aztertzeko. Lankidetza zientifikoko esparruetan garatutako kasu-azterketetatik eta ikerketa-esperientzietatik abiatuta, datu arkeometrikoek kultura-materialaren interpretazio historikoari nola laguntzen dioten aztertzen da, diziplina historikoki ezaugarritu duten ikuspegi tipologiko edo deskribatzaile hutsak gaindituz.

Programak arreta berezia jartzen dio datu zientifikoen ibilbide osoari, eskuratzen eta analizatzen direnetik interpretatu, transferitu eta biltegietan kudeatzen diren arte, zientzia irekiaren printzipioei jarraiki. Ikuspegi horrek lehiakortasun-proiektuetan garatutako ikerketa-esperientziak ditu oinarri, hala nola CERIBAM1 eta CERIBAM2 (MICIU/AEI eta FEDERek finantzatutakoak). Proiektu horiek Atlantikoko, Macaronesiako irletako eta Amerikako espansio iberikoari lotutako zeramiken azterketa arkeologiko eta arkeometrikoan zentratzen dira. Era berean, AUTOMATA (Horizon Europe) bezalako azken proiektu europarrak barne hartzen dira, datuak eskuratzeko prozesuen integrazioari, azterketa arkeometrikoari eta informazio zientifikoaren ziklo osoaren kudeaketari buruzko hausnarketa egiteko aukera ematen duten esparru metodologiko eta azpiegitura gisa, lankidetzazko ikerketa-inguruneetan.

Era berean, Uda Ikastaroak datu arkeologiko eta arkeometrikoen kudeaketari, artxibatzeari eta zabalkundeari lotutako egungo erronkei heltzen die, unibertsitateek, kultura-erakundeek eta administrazio publikoek bultzatutako zientzia irekiko ekimenekin eta datu-biltegiekin bat etorriz. Ildo horretan, ikastaroak FECyTek finantzatutako María de Guzmán deialdiko [MDG-25-11870] «Euskal Herriko Unibertsitateko irakaskuntza-ikerkuntza eta datu biltegien koordinazioa» berrikuntza-proiektuarekin egingo du bat. Alderdi horiek gaur egungo jardun zientifikoaren funtsezko osagaitzat eta nazioarteko lankidetza akademiko eta zientifikorako elementu estrategikotzat hartzen dira.

Egun bateko aurrez aurreko formatuarekin eta parte-hartzean oinarritutako orientazioarekin (hitzaldi laburrak eta publikoarekiko elkarreragin-guneak), ikastaroa unibertsitateko ikasleei, ikertzaileei, ondarearen profesionalei eta interesdun guztiei zuzenduta dago. Jarduera saio tematikoetan eta amaierako mahai-inguru batean egituratzen da; gune horiek trukea eta eztabaida sustatzeko diseinatuta daude, arkeometriaren zereginari eta datu zientifikoen kudeaketari buruzko hausnarketa kritikoa bultzatzeko, eta nazioarteko lankidetza-sare akademikoak sendotzeko. Ikuspegi horretatik, ikastaroa kultura-ondarea babesteko, ezagutza zientifikoko azpiegiturak finkatzeko eta lankidetza akademikoko printzipioetan kokatzen da, garapen jasangarriko egungo esparruekin bat eginez.

Informazio gehiago