
Uda Ikastaro honen helburu nagusia euskal zinemagintzak azken 20 urteetan (2005-2025) izandako ibilbidea aztertu eta, alor horretan lan egiten duten eragile nagusiak eta adituak elkartuz, hurrengo urteetako aukerei eta erronkei buruzko gogoeta partekatua egitea da. Eragile hauek sektoreko profesionalak (zinemagileak, ekoiztetxeak, zinema munduko langileak), instituzioak eta unibertsitatea dira.
1956tik aurrera euskarazko zenbait film estreinatu izan diren arren, euskal zinema, jarraikortasunez fruituak ematen dituen industria gisa ulertua, 2005ean sortu zela esan dezakegu (Martinez, 2022). 16 urtez euskarazko film luze profesional bakar bat ekoitzi gabe igaro ondotik, urte hartan, Aupa Etxebeste! estreinatu zen, eta geroztik, urtero euskarazko orotariko filmak iritsi dira pantailetara, ekoizpen jarraitu eta askotarikoa osatuz. 2005etik 2025era, 1.200 film baino gehiago ekoitzi dira, lan profesional eta amateur, fikzio, luze, labur eta dokumentalak kontaturik (Martinez eta Velte, 2026); zinemagile euskaldunen belaunaldi berriak sortu dira; estilo aniztasuna ugaldu da; film batzuek arrakasta eta nazioarteko prestigioa lortu dute; eta sektore profesionala egituratzeko bidean jarri da.
Horiek guztiak aintzat harturik, unea heldu da aurrera begira jarri eta gogoeta partekatua egiteko, hurrengo urteetan euskarazko zinemak beste jauzi bat eman dezan. Mundu osoan ikus-entzunezkoen arloan ematen ari diren joerek, mugaz gaindiko harremanek, eta lurraldeak eta euskarak egun dituzten aukera eta beharrizanek horretara bultzatzen gaituzte.
Ikastaro honetan, euskal zinemaren zentzu osatua aurkeztuko da, eta hura oinarri duen argitalpen kolektiboan jasotako ikerketak aurkeztuko dituzte arloko hainbat adituk, sektorean eztabaida eraikitzaileak sustatu asmoz. Argitalpen hau liburu formatuan argitaratuko da ordurako, EHUren eta Mikel Laboa Katedraren Bildumaren barruan, eta euskal zinemagintza garaikidearen argazki panoramikoa osatzea du helburu, zinegile zein zinemazaleentzat.