Cargando Eventos

« Todos los Eventos

ELEKTROPLAZA 2026 (Irun)

mayo 23

Maiatzaren 23an, larunbatarekin, ELEKTROPLAZA jaialdiaren hirugarren edizioa egingo da Urdanibia plazan, askotariko erritmoak ekarriko dituen programa batekin: Eivissako house finenetik Berlingo klubetako techno kartsu eta biziraino.

Programan bikain uztartu dira nazioarteko figura ezagunak eta gure inguruko talentu hasi berria, eta gaur goizeko aurkezpenean Sandra Caballero Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak nabarmendu duenez, «hirugarren edizioaz ari bagara, jaialdi arrakastatsu batez ari gara, Irungo gazteen artean harrera bikaina du eta. Gazteria arloak apustu irmoa egin du, geure asmoa argi daukagulako: behar bezalako musika elektronikoko jaialdi bat ekartzea hirira, nazioarteko eta bertako artistak uztartzen dituen kartel erakargarri batekin».

Tokiko markarekin hasiko da jaialdia, Irune Muguruzak eta JOTAk erakutsiko dute zergatik diren egungo euskal elektronikaren esentzia. Irunek ederki asko fusionatzen ditu House eta Minimal erritmoak eta inpaktu handiko esperientzia bisualak, eta JOTA (Iñigo Jiménez) ezaguna da showman gisa duen abildadeagatik eta audientzia handiekin konektatzeko gaitasunagatik.

Jardunaldiaren energiak gora egingo du E.Lina iristean: Ukrainako underground eszenako diziplinarteko artista bat da, eta eskarmentu handia du freestyle dantzan. Set eklektiko eta sofistikatuak dauzka, baxu lerro sakonen eta swing handiko erritmoen gainean eraikiak, musika eta mugimendua ezin hobeto uztartuta. Ibizan bizi da eta zinezko «kamaleoi musikal»tzat daukate askok. Bere bilduma bikaina mundu mailako prestigioa duten agertokietara eraman du, hala nola Panorama Bar, Amnesia edo Dimensions Festival. Horrela, egungo panorama elektronikoaren figura erakargarrienetako bat dugu.

Eguna borobiltzeko, Dyed Soundorom izango dugu azkenik. Parisko underground eszenako ezinbesteko figura da, eta Apollonia kolektibo ospetsuko zutarria. Ohikoa da munduko kabinarik zailenetan, hala nola Panorama Bar (Berlin) edo Fabric (Londres), eta funtsezko pieza da Eivissako DC10eko Circoloco jaietan. Haren soinua nahasezina da: sakona, psikodelikoa eta guztiz groovya.

Aipatzekoa da N97k lagundu duela ekitaldia antolatzen: Muguruzak eta Jiménezek zuzendutako kolektibo bat da, 2023an sortua, eta «festarako eskubidea»ren alde egiten du borroka, Bidasoa Behereko adierazpide komunitario gisa.

Nabarmentzekoa da ekimen hori izan zela Aurrekontu Parte-hartzaileen azken edizioan bozkatu zen ekimenetako bat, eta Jon Ugarte Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arreta ordezkariaren arabera, «argi uzten du gazteek konfiantza dutela Udal honengan beren gustuetara bideratutako jarduerak antolatzerako orduan. Aurrekontu Parte-hartzaileak aukera handia dira herritarrek horrelako ekitaldiak finantzatu ahal izateko, eta, jakina, horiek bultzatzen jarraituko dugu hurrengo edizioetan».

‘Konekta Sessions’

Horrez gainera, bihar, apirilak 10, ostiralarekin, musikaren munduko hasi-masietan dabiltzanei laguntzeko ‘Konekta Sessions’ ekimenaren hirugarren saioa egingo da, Urdanibia plazan bertan, 17:30etatik 22:00etara, musikari hasi berri horiei beren pasioa eta gustu musikalak erakusteko agertoki bat utzita.

Aurrerago ere, maiatzaren 29an, beste hitzordu bat antolatuko da. 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta interesa dutenek Udalaren webgunean eman dezakete izena.

Emanaldien egutegia

  • LINE-UP Konekta Sessions #2 | apirilak 10 | Urdanibia plaza, 17:30 – 22:00:
    • Landerm
    • Nea
    • Txouman
    • J-303 & Soki
  • LINE-UP ELEKTROPLAZA | maiatzak 23 | Urdanibia plaza, 17:00 – 22:30:
    • Irune Muguruza + Jota
    • E.Lina
    • Dyed Soundorom

Local

Urdanibia plaza
Irun, Gipuzkoa 045 España