Elorrioko 2025eko jai nagusiak irailaren 6tik 14ra ospatuko dira aurten. Ferixa Nausikoak 2025 jaietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago.
Irailaren 6tik 14ra ospatuko dira aurten Elorrioko jaiak, Ferixa Nausikoak 2025, eta dagoeneko parte hartu daiteke jaiok iragartzeko kartel lehiaketan.
Elorriarrei zein diseinu lanak gustuko dituen edonori zuzendutako lehiaketa da, eta irabazleak 500 euroko saria eskuratuko du.
Udalak interesa duen pertsona oro animatu gura du irudimena eta sormena aske utzi eta lehiaketan parte hartzera. Partaide bakoitzak nahi duen teknika erabili eta gehienez bi kartel aurkeztu ahalko ditu. Kartelok ezingo dira beste lehiaketaren batean sarituak izan.
Kartelean ezinbestean honako testua agertu beharko da: Ferixa Nausikoak 2025 – Elorrio – irailak 6 – 14. Halaber, 70/50 cm-ko neurria izan beharko du. Formatuari dagokionez, soilik euskarri digitalean aurkeztuko da; Photoshop programarekin bateragarria den formatu batean.
Lehiaketan parte hartzeak berarekin ekarriko du oinarri guztiak erabat onartzea. Eta oinarrietan zehazten den moduan, ez dira onartuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen artikuluak betetzen ez dituzten lanak, zehazki, sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerrarazteari dagokiona (3.6. art.) eta komunikazio ez-sexistari dagokiona (18.4. art.).
Parte-hartzea
Kartelak dagoeneko bidali daitezke eta epea 2025eko maiatzaren 23ko 23:59an amaituko da.
Kartel proposamenak Elorrioko Udaleko HAZ-Herritarren Arreta Zerbitzuan edo telematikoki www.elorrio.eus helbidean dagoen plataformaren bidez aurkeztuko dira, formatu digitalean.
Horrekin batera, honako datuak jasoko dira: egilearen izena, bi abizen, generoa, helbidea, e-maila, harremanetarako telefono zenbakia eta kartelaren izenburua.
Udalak parte-hartzaileen anonimotasuna bermatuko du epaimahaikideen aurrean.
Aurkeztutako lan guztiak Iturri Kultur Etxeko sarreran eta www.elorrio.eus helbidean ikusgai egongo dira ekainaren 2tik 13ra arte, eta halaber, bozketa publikoa irekiko da. Epaimahaikide tekniko batek aukeratuko du kartel irabazlea, beti ere, herri epaimahaikideen botoak kontuan hartuta. Irabazlea ekainaren 18an emango da jakitera, Udalaren webgunean.