Erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta horiek guztiak ezagutzera eman. Erraketisten ospea eta abilezia orduko prentsan, literaturan, zineman edo telebistan islatu zen. Pilotak betidanik indar handia izan du Euskal Herrian, baina batez ere, gizonekin lotuta egon da. Hala ere, emakumeek ere pilota jokoan aspaldidanik hartu dute parte, lorpen handienak erraketa jokoan izan dituztelarik. Gainera, erraketistak lehen emakumezko kirolari profesionalak izan ziren. Ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantailen bidez, emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den dokumentazio ia guztia ikusteko aukera dago.