Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Erakusketa tabakaleran: «KOOPERATIBA», Carla Filiperen eta Taxio Ardanazen erakusketa

julio 3, 2026 - enero 10, 2027

KOOPERATIBA erakusketa iraganari, bere dokumentuei eta horiei  buruz orainalditik egin daitezkeen irakurketei heltzeko bi moduren arteko bateratze-lan batetik sortua da. Begiradak gurutzatuz, erakusketak elkarrizketa bat artikulatzen du esperientzia kolektibo jakin batzuekin lotutako obra, artxibo, lengoaia grafiko eta adierazpide politikoen artean. Gurutzaketa horrek hainbat gai azaleratzen ditu, memoria eta antolaketa soziala tartean, baina, batez ere, emantzipazio-proiektu jakin batzuez gaur egun egiten diren irakurketak.

Carla Filipe (Vilanova da Barquinha, Portugal, 1973) eta Taxio Ardanaz (Iruñea, 1978) artistek maila historikoan gertatzear egon eta burutu ez zenari heltzen diote; edo, gertatuta ere, bere hasierako forma galdu zuenari, garaiko baldintzetara egokitzean edo interes partikularrengatik okerreko bidea hartzean.

Ideia horiek oinarri hartuta, sarrerako hallean artxibo partekatu bat dago, berariaz taxutua artistek beren lan-prozesuetan baliatutako interesgune eta materialetatik abiatuta. Instalazio hau testimonialetik —kartelak, argazkiak, erregistro filmikoak, soinudunak eta objektualak— prozesualera igarotzen da, eta dokumentuaren eta obraren arteko atalasean kokatzen ditu materialetako batzuk.

Carla Filiperen lanak artearen, herri-kulturaren eta aktibismo politikoaren arteko harremanak ikuspegi kritikoz aztertzen ditu. Marrazkitik, collagetik edo fotomuntaiatik abiatuta, eta maiz dokumentu historikoak, ikonografia iraultzaileak, banderak edo kartelak bere eginda, alderdi sozialek, subjektiboek eta autobiografikoek zeharkatutako kontakizun sorta bat eraikitzen du.

Taxio Ardanazen lanak, bestetik, ideologiaren, errepresentazioaren eta memoriaren arteko tentsioak ditu ardatz. Pinturaren, instalazioaren, argazki-artxiboaren edo bideoaren bitartez, proiektu politiko zapuztuen eta erresistentzia kolektiboko zenbait moduren aztarna fisikoak esploratzen ditu, ikerketa historikoa eta saiakera bisuala oinarri hartuta.

Azken batean, KOOPERATIBAk termino bat deseraikitzen du, zeinaren jatorri etimologikoa (latinezko cooperativus) elkarlanean aritzeko gaitasunari lotzen zaion. Filipe eta Ardanazen eskuetan, kontzeptu hori enuntziatu bihurtzen da, antzekotasunik eza abiaburutzat hartuta, leku komun batera zuzendutako lanen banaketa aurkitzen duena. 

Komisarioa: Ángel Calvo Ulloa

Local

Kutxa Fundazioa Artegunea – (Kutxa Fundazioa Tabakaleran – 0 solairua – Artegunea)
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (Tabakalera, 0. solairua)
Donostia / San Sebastián, Gipuzkoa 069 España