Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ERTIBIL BIZKAIA Arte Bisualen Erakusketa Ibiltariak Bizkaian lan egiten duten eta bizi diren 18 sortzaile berriren lanak erakutsiko ditu. Aurten uztailaren 15etik abuztuaren 31ra bitartean hasiko du ibilbidea, berriz ere, Punta Begoñan. Getxon inauguratu ondoren, lurraldeko zenbait erakusketa-aretotan egongo da.
Gainera, Erakusketa sakon ezagutu nahi duenak uztailaren 17an Oihane Sánchez Duroren eskutik eskainiko diren bisita gidatuez gozatzeko aukera izango du.
Ertibil 2025: bisita gidatuak
Uztailaren 17an, osteguna, Ertibil 2025 Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltaria, bisitatu ahal izango da, hasiera Punta Begoña Galerietan izango duena.
Oihane Sánchez Duro –artista, ikerlaria, doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko irakaslea– da erakusketaren bisita berezi hauek antolatzen dituena, eta ziur ezagutzera datozenak liluratuko dituela.
Bisitak doakoak dira, baina, edukiera mugatua dutenez, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen du lehiaketa hau, eta bere ibilbidearen lehen etapan, Bizkaiko Lurralde Historikoan sormen-proiektuak egiten dituzten artista bisual emergenteen sormen-ekimenei laguntzea du helburu. Hala, lanak erakusteko, artista gazteekin konektatzeko eta ibilbide profesionala garatzeko urratsak egiteko aukera eskaintzen die.
Artelanek (olio-pintura, akrilikoa, pastela, bideoa, eskultura eta argazkigintza barne) ezin egokiago islatzen dute parte-hartzaileen sormena eta adierazpen pertsonala.
Hiru artista sarituak Amaya Suberviola, Gabriele Muguruza eta Izaskun Aralucea dira, eta ERTIBIL BIZKAIA 2025erako hautatuak, berriz, Leire Aranberri, Leyre Arraiza, Iratxe Barcina, Adrián Castañeda, Mariem Iman, Maider Gonzalo, Pablo Gubbins, Jorge Isla, Antton Goikoetxea, Idoia Leache, Ainhoa Lekerika, Angela Rodriguez, Beñat Krolem, Elisa Villota eta Judith Voet.
ERTIBIL BIZKAIA ekimeneko epaimahaia honako hauek osatu dute: Leonardo Burge Badiolak, Ertibil Bizkaia 2024 lehiaketako artista irabazleak; Andrea Estankona Loroñok, EHUko Arte Ederretako irakasleak; Sahatsa Jauregi Azkaratek, artistak; eta Helena López Camachok, Uribitarteko (BilbaoArte) arduradunak eta erakusketaren harira argitaratutako katalogoko testuen egileak.
Erakusketa Bizkaian barrena
Punta Begoñako erakusketa Bizkaiko hainbat udal erakusketa aretotan egingo den ibilaldi baten hasiera baino ez da. Bertan, lan hauek publikoa liluratzen jarraituko dute euren aniztasun eta sormenarekin.
Ertibil Bizkaia 2025 Punta Begoña Galerietan izango da abuztuaren 31ra arte. Irailaren 1etik urriaren 13ra Derioko Kultur Birikan izango da.
Ertibil 2025 ekimenak Basauriko Ariz Dorretxean jarraituko du azaroaren 4tik 30era.
Azkenik, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa aretoan izango da erakusketa, abenduaren 1etik 30era.
Egonaldiak Japonian
ERTIBIL BIZKAIA erakusketaren osagarri, saritutako artistei egonaldi artistikoak eskainiko zaizkie Japonian.
Hala, Leo Burge, M. Benito Píriz eta Lucía Jayo Altamirano 2024ko edizioko artista irabazleek Koganechon (Yokohama), Joshibi Universityn (Sagamihara) eta Paradise Air-en (Matsudo) egin zituzten artistentzako egonaldiak.
Lehen saria: Amaya Suberviola ‘ST24019 (Teklatuaren metodo laburtuak)’
Artistak irudikapen figuratiboari desafio egiten dio formaren, kolorearen, ehunduraren edo argiaren erabileraren zatiketa eta gainjartzea direla medio. Horrela, gizarte garaikidean eta aro digitalean irudiak eraikitzeari buruz hausnartzen du, baita horien euskarriei eragiten dieten arauei buruz eta edukiontzi horiek emaitzazko irudian eragiten dituzten aldaketei buruz ere.
Bigarren saria: Gabriele Muguruza «Alkarren atzetik jolaska dabiltza tximistazko suge»
Diziplina anitzeko artista da, eta bere lanaren ezaugarri nagusia lengoaia abstraktua erabiltzean datza, marrazkia eta hiru dimentsioak ardatz garrantzitsuak izanik bere jardunean. ‘Alkarren atzetik jolaska sabiltza tximistako suge’ (2025) lanak marrazkia, geometria eta irudien sorrera ditu ardatz nagusi.
Hirugarren saria: Izaskun Aralucea ‘Peppa’
Artistak artelanaren corpusa garatzen du, marrazkian oinarrituz. Koloretako arkatzez egindako konposizioak, non argiak, mugimenduak eta trazuak garrantzi berezia hartzen duten. Marrazteko prozesu edo ekintzaz interesatuta, Araluceak bere marrazkiei forma eta lekua emateko teknika garatu du. Formatu txikietan hasi eta tamaina esanguratsuagoetara hedatzen jarraitzen du, bere lengoaia propioa eta irudiak konposatzeko era albait urrunenera eramateko asmoz.
Artista hautatuak:
Leire Aranberri (Bilbo, 1993) 3 Kisses bi kanaleko soinu-instalazioa da, eta hiru abestiren bertso-zatiak entzuten dira aldi berean: Yoko Onoren Kiss (1980), Laurie Andersonen Superman (1981) eta La Zowiren No Lo Ves (2020).
Leyre Arraiza (Izaba, 1997) XXX (2023) sabaitik esekita egoteko pentsatutako eskultura da, non artistak zenbait material, pisu eta akaberarekin egindako bolumen sorta bat uztartzen duen.
Iratxe Barcina (Mungia, 2003) Titulurik gabea (2024), aluminiozko xaflen mihiztaduratik abiatuta egindako instalazio eskultoriko bat da, esekita eta hormatik metalezko egitura baten bidez bereizita dagoena. Portugalgo eraikin baten obra-prozesuan artistak materialarekin ustekabean izandako topaketatik sortu zen pieza.
Adrian Castañeda (Salamanca, 1990) Titulurik gabea (kamioi-gurpila) (2024) Edukiaren proiektuan edo beste zerbaiten barruan dagoenaren egitasmoaren barruan kokatzen den lana da. Bertan, artistak migrazio-politikei eta pertsonek igaroaldi horietan dituzten egoera eta baldintzei buruzko gogoeta egiten du.
Mariem Iman (Huelva, 1994) Check mah technique! 😉 (2025) hiru dimentsiotako lana da, marrazkia eta eskultura uztartzen dituena eta eskulana, irudien manipulazioa, kopia, dekorazioa eta idazketa presente dauden lan-prozesu batean bilbatzen dena.
Maider Gonzalo (Erandio, 1994) Urraka (2025) eskultura-instalazioa da, elementu geometrikoak eta eguneroko errealitatearekiko gogorapena uztartzen dituena. Mahai bat eta aulki bat; hala, bolumen kubikoen jokoari eta elementuen aldaketari esker artistak lortu du esanahi berriak hartzen dituen zerbait bihurtzea.
Pablo Gubbins (Temuco, Txile, 1992) Nube Pesadilla (2025) pieza Hodeien eta onirikoaren arteko elkarketatik hasten da, zeru batean kokatzen den fantasiazko itxaropen horretatik. Itxaropenezko sentsazio hori metalezko objektu zorrotz herdoilduei kontrajartzen zaie, eta azken horiek hodeien formari erreferentzia egiteko asmoz landu den papera kutsatzen dute.
Jorge Isla (Huesca, 1992) Fotosintesia (2025) bi dimentsiotako pieza bat da, teknologiari, kontsumismoari eta zaharkitzeari buruzko gogoeta egiten duen lan sorta batean kokatzen dena, eta gizakiarekin gertatzen den bezala, bere hondakinen bidez geruza geologiko berri bat lortzen hartzen du parte.
Antton Goikoetxea (Mungia, 1990) Beilegie (2024) Kareharriak seriean garatutako logikak luzatzen dituen eskultura bat da. Proiektu horretan artistak mundu fisikoaren arkitekturaren eta ingurune digitaleko egituren arteko elkarrizketa ezartzen du eta gogoeta egiten du teknologiak eta konputazio-hizkuntzak errealitatea esperimentatzeko eta eraikitzeko moduan duten eraginari buruz.
Idoia Leache (Burlata, 1999) Chappell Roan (2025) eskulturaren (gorputzari dagokionez) eta erregistro performatiboaren arteko elkargunean elkartzen da, hura gauzatzeko prozesuan bi diziplinen artean gerta daitezkeen aukera guztiak ikertzeko eta lantzeko.
Ainhoa Lekerika (Lezama, 1998) My legs in the world (2025) argazkigintza eta eskultura uztartzen dituen instalazioa da, eta hainbat unetan garatutako lanen eta prozesuen metaketa proposatzen du.
Ángela Rodriguez (Burgos, 1994) Autorretrato con rosa y calcetines (2025) formatu handiko argazki bat da, eguneroko eszena bat zuzenean eta bat-batean erreproduzitzen duena. Artistak bere intuizioari eta senari jarraituz egin du, eta horri esker, bat-batean giroak eta uneak lot ditzake.
Beñat Krolem (Barakaldo, 1990) Butterfly T-Blue (2025) gorputz- eta aho-osagai performatiboa duen instalazio eskultorikoa da. Izenburua karrozeria belikoaren nomenklaturaren eta ariketa fisikoko aparatu teknikoen berezko terminologiaren arteko erlazioan oinarritzen da.
Elisa Villota (Bilbo, 2000) This regal light (2024) artistak Helsinkin (Finlandia) egindako bideoa da, eta bere testuinguruaren erretratu berezia da. Ezkutuko giroen atzipenetatik edo hirian gertatzen diren xehetasunetatik abiatuta (itsasoaren mugimendua, elurra, giro-soinua, eta abar), kontakizun bat sortzen du artistak, iraganeko gertaera edo memoria ugarien agertokiak kondentsatzea helburu duena.
Judith Voet (Belgika, 1993) Bucle lana ontknopen/ontknoppen (jaregitea/botoiak kentzea) proiektuan kokatzen den obra bat da, gaur egungo gizartean osasun mentala jorratzen duen ikerketa, azken batean, eskulturaren eta performance-aren bidez giza emozioak esploratzea proposatzen duena.