Euskal eszena kulturalak hainbat berpizkunde izan ditu historian zehar, gizartearen eta pentsamenduaren aldaketekin loturik. Ikastaro honetan, euskal dantzek, antzerkiek eta herri inauteriek garai ezberdinetan izan dituzten berrikuntzak aztertuko dira, bai ideia estetikoen aldetik, bai kudeaketa-ereduen ikuspegitik. Euskal nortasuna eszenaren bidez nola artikulatu den eta oholtzak zer funtzio hartu duen garai bakoitzean sakonduko da: bereizteko, identitatea eraikitzeko edo euskal munduaren bilakaera artistikoan parte hartzeko.
Garai bakoitzean euskal arte eszenikoen honako puntuak landuko dira:
1. Pentsamenduaren aldaketa. Filosofia eta mundu-ikuskeran aldaketa sakonak.
2. Teknologia berriak. Material berriak, ekoizpen-prozesuak edo hedapen-metodo berriak.
3. Gizarte-mugimenduak eta aldaketa politikoak. Erreferentzia kulturalen eraldaketa, eta euskal gatazka politikoak.
4. Ekonomiaren dinamizazioa. Arte-sistema indartzen da, mezenazgoa, zirkutu eszeniko itxiak, txapelketak edo babes-eredu berriak sortzen dira.
5. Artisten arteko konexioa eta sareak. Mugimendu artistikoen dinamizazioa. Sortzaileen talde artistikoak.
IRAKASLEA
Beñat Urrutia Pujana
HELBURUAK
Euskal eszena kulturalaren berpizkunde nagusiak identifikatzea.
Garai bakoitzean estetika, kudeaketa eta interes artistikoak nola eraldatu diren aztertzea.
Euskal dantzaren, antzerkiaren eta inauterien berrikuntzak testuinguru historiko, politiko eta sozialarekin lotzea.
Euskal nortasuna eszenaren bidez nola eraiki den aztertzea eta eztabaidatzea.
HARTZAILEAK
Ikastaro hau euskal dantzetan, euskal arte eszenikoetan eta kultura tradizionalaren berrirakurketa historiko-estetikoetan interesa duen edonori zuzenduta dago: dantzariak, irakasleak, ikertzaileak, sortzaile eszenikoak edo ikuspegi artistiko batetik euskal kultura ulertu nahi duen oro.
Ez da beharrezkoa euskal dantzen errepertorio tradizionala edo gaur egungo praktika koreografikoak aldez aurretik ezagutzea, izan ere, ikastaroan zehar azalduko dira bilakaera horiek, hainbat testuinguru historiko, estetiko eta performatiboetan sakonduz.
METODOLOGIA
Ikastaroak 15 ordu izango ditu. Batetik, 6 saio online egingo dira, eta bakoitzak 120 minutuko iraupena izango du. Saio bakoitzaren amaieran, etxean landu beharreko ariketa praktiko edo test bat luzatuko zaie ikasleei. Saio bakoitzean proposatutako etxekolanak, hurrengo saioa baino lehenago bidaliko dira (ikastaroaren plataforma erabiliz), eta irakasleak ebaluatu egingo ditu. Lan horietako bakoitza egiteko 30 minutuko dedikazioa aurreikusten da. Ikastaroaren azalpenak online bidezko zuzeneko bideokonferentzien, aurkezpenen eta ikus-entzunezko euskarrien bidez emango dira.
Ikastaroaren izaera dela eta, gomendagarria da online saioetan zuzenean aritzea. Nolanahi ere, hori ezinezkoa balitz, ikastaroaren martxa grabazioaren bidez jarraitu ahal izango da.
Ikastaroa amaitzean, ikasleek UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak emandako ziurtagiria jasoko dute.
EGUTEGIA
Iraupena: 15 ordu (12 ordu online aurrez aurre eta 3 ordu ikasgela birtualetik kanpo).
Datak: ostiraletan.
2025eko urriak 17-24-31.
2025eko azaroak 7-14-21.
Ordutegia: 17:00-19:00.
ESKAKIZUN TEKNIKOAK
Ikasleak Interneterako konexio egonkorra izan beharko du. Era berean, online saioetan parte hartzeko, bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean Zoom bideokonferentzia-aplikazioa instalatu beharko du. Aplikazioa esteka honetan eskura daiteke: https://zoom.us/download#client_4meeting
EGITARAUA – 15 ORDU
1. Sarrera: euskal kultura eszenikoaren zikloak.
Zer da berpizkunde eszenikoa?
Pizkunde artistiko bat artearen garai bereziki dinamiko eta berritzailea da, non estetika, teknika eta edukien alorrean berrikuntza sakonak gertatzen diren. Pizkunde horiek, normalean, gizartearen, teknologiaren eta kulturaren aldaketekin lotuta egoten dira, eta artistei adierazpen modu berriak esploratzeko aukera ematen diete. Euskal gizartearen aldaketak eta estetikaren eraldaketa aztertuko dira, hauek euskal eszenan nola islatu diren ulertzeko.
Euskal eszenan izan diren estetika ezberdinak.
Sorkuntza eta arte-ekoizpenaren modelo ezberdinek komunitateetan duten eragina aztertuko da. Estetika eta eszenaratze ereduen garapen historikoa ardatz hartuta, euskal eszena garaikidearen oinarriak bilatuko dira.
Oholtzaren eta nortasunaren arteko harremana.
Eszena eta nortasunaren arteko elkarrekintza aztertuko da, euskal identitatearen eraikuntzan oholtza eta antzerkiaren garrantzia ulertzeko.
2. Karlistadak: euskal eszenaren Lehen Pizkundea.
Dantza eta antzerkia karlismoaren eta nazio eraikuntzaren arteko gatazkan kokatzen dira, euskal identitatearen adierazpen gisa. Euskal kulturaren bitartez kanpotarrengandik eta liberalengandik bereizteko estrategia gisa erabiltzen dira.
Goierriko dantza-masen tradizioa eta sorkuntzak, eszena-eredu eta estetika kontrajarri gisa agertzen dira. Dantza eta antzerkia kontrastean eraikitzen dira, garaiko politikaren, gizartearen eta sinbolismoaren arabera. Dantza ingelesen baztertzea eta asimiliazioa: kontra dantzak eta okerdantzak.
3. Euskal Folklorea Erromantizismoan: Lore Jokoak.
XIX. mendeko Europan euskal eszena nola errepresentatu zen aztertuko da:
Folklorearen mitifikazioa: euskal iruditeria herrikoiaren idealizazioa.
Hiri eta lan-munduaren arteko lotura: folklore-zooak eta euskal eszenaren erakusketarako erabilera.
Ikusgarritasuna eta ukiezintasuna: euskal antzerkiaren eta dantza eszenikoaren bidez irudikatzea, baina ez ukitzea.
4. Abertzaletasuna eta XX. mendeko hasiera: dantza eta herri antzerkia nortasunaren eraikuntzan.
Euskal dantza nazionalismoaren tresna gisa: euskal dantzak eta antzerkia batzokien inguruan antolatzen diren sortzaile taldeen bidez garatzen dira.
Bigarren Errepublikaren babesa eta aldaketak: Kultura politikaren tresna bihurtzen da.
Herri inauterien berreskuratzea, ezabaketa eta modernizazioa: zein erritual desagertu ziren eta nola birsortu ziren.
Oholtzak euskal nortasunaren ikerketa-tresna gisa: zer rol jokatzen dute euskal dantzak eta antzerkiak identitatearen eraikuntzan?
5. Abangoardien Berpizkundea.
Antzerki esperimentala eta dantzaren modernizazioa: forma eszenikoen bilakaera.
Euskal eszena eta politizazioa: ekintza eszenikoa erresistentzia tresna bihurtzen da.
Eresoinka dantza konpainia eta «Saski-Naski» emanaldia: euskal dantzaren nazioarteko irudikapena eta berrikuntza.
Herri kulturaren eta arte garaikidearen arteko tentsioak: zein modutan uztartu edo banandu dira?
6. Frankismo barruko Ezkutuko Euskal Pizkundea.
Erregimenak ezarritako eskolak eta iruditegiak: euskal eszenaren kontrola eta frankismoaren propagandaren funtzioa.
Euskal kultura babesteko eta berreraikitzeko ahaleginak: klandestinitatea eta kultura-sorkuntza ezkutuan.
Arketipo eta arte eszenikoko ezkutuko emanaldiak: zein estrategia erabili ziren euskal antzerkia eta dantza gordetzeko?
7. Euskal 69ko maiatza
Jorge Oteiza eta arte modernoaren barruko aldaketak: eszenaren eta espazioaren berrirakurketa. Ez dok amairu eta arte abstraktua.
Gabriel Aresti eta tradizionalisten arteko talka kreatiboak: euskararen eta antzerki garaikidearen uztarketa.
Euskal arte eszenikoen bilakaera kultur eztabaidetan: tradizioaren eta abangoardiaren arteko gatazkak.
8. 2000 efektua eta euskal eszenaren egungo bilakaera globalizazioan.
XXI. mendeko euskal dantza eta antzerkia: Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko harremanak.
Nortasuna versus hibridazioa: Mugak lausotzen diren oholtzak.
Dantza eta antzerki garaikideak euskal eszenaren berreraikuntzan duen eragina.(Kukai, Haatik, etab.)
Herri inauterien berpizkunde garaikidea eta parte-hartzean oinarritutako dantza-eskolak (Aiko, etab.).
9. Laburpena.
Euskal eszenak hainbat ziklo eta berpizkunde bizi izan ditu, testuinguru historiko eta sozialaren arabera moldatuz. Dantzak eta antzerkiak euskal nortasunaren adierazpen bide nagusiak izan dira, baina haien erabilera beti baldintzatuta egon da politika, gizartea eta estetikaren bilakaeraren arabera.