Datorren maiatzaren 10ean, Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunea euskal film laburren topagunea izango da. Euskal Laburmetraien Azokaren bigarren edizioak gidoilari, zuzendari, ekoizle, banatzaile eta zinemazaleak bilduko ditu jardunaldi ireki eta parte-hartzaile batean, komunitatea sortzeko, esperientziak partekatzeko eta, garrantzitsuena, proiektu berriei bultzada handi bat emateko.
Aurreikuspen guztiak gainditu zituen lehen edizio baten ondoren, aurten gure sortzaileen talentua ikusarazi eta konexioak sortzeko inoiz baino gogo handiagoz itzultzen gara. Caosticak, GIDOIk eta ICOFF-GASTEIZ jaialdiak antolatzen dute ekitaldi hau, eta azken horren barruan kokatzen da, Gasteiz euskal ikus-entzunezkoen sektoreko gune-sortzaile garrantzitsuenetako baten moduan finkatuz.
Jardunaldia, inspiratzeko, informatzeko eta konektatzeko hainbat jardueraz osatua egongo da:
10:00-11:00 · Mahai ingurua: Euskal film laburraren egungo egoera. Sektoreko ahots nabarmenen parte-hartzearekin, film laburrak Euskal Herrian igarotzen duen uneaz eta berau indartzeko bideez hausnartuko da.
11:15 – 12:15 · Baliabideei buruzko hitzaldia. Dirulaguntzak, laguntza-programak eta funtsezko deialdiak film labur bat abian jarri nahi dutenentzat. Erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak izango dira.
12:30 – 13:00 · Euskal Emakume Egileentzako II. Film Laburren Gidoi Lehiaketako finalisten aurkezpena. Errealitate bihurtu nahi duten istorio indartsuak ezagutzeko aukera paregabea.
13:15 – 14:30 · Networking saioa. Espazio lasaia (catering eta guzti!) loturak sortzeko, ideiak partekatzeko eta etorkizuneko proiektuetarako bidaia-lagunak aurkitzeko.
19:30 · Sari banaketa ekitaldia. ICOFF-GASTEIZ Jaialdiaren esparruan, lehiaketako gidoirik onena aintzatetsiko da, emakume egileek zineman duten ahotsa balioan jarriz.
Sarrera librea da eta gonbidapena argia: film laburrarekiko interesa baduzu, hau da zure lekua. Izan ere, film laburra ez da tarteko urrats bat, berezko arima duen formatu bat baizik. Eta azken batetan, lankidetzatik, elkartzetik eta elkarri laguntzetik soilik jarrai dezake industria honek hazten.