Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Euskal Komiki Eguna 2025

septiembre 29

Euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komikiaren Eguna ekimena abiarazi dute, euskarazko komikigintza ikusgarri egiteko asmoz. Aurten egingo da lehen edizioa, urtero egun berean jarraipena izateko asmoz. Eta ekimen hori ospatzeko eguna irailaren 29a izango da.

Izan ere, 1979ko irailaren 29an argitaratu zen Olariaga handiaren Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta, geroztik milaka zinta izan dituena eta 45 urteren ondoren argitaratzen jarraitzen dena. Eta orduan, 70-80ko hamarkadetan, izan zuten hasiera euskarazko komikigintzaren ekimen garrantzitsu askok (Ipurbeltz, Habeko Mik, Napartheid…), gero beste batzuetan jarraipena izan dutenak (Xabiroi, H28…) eta gaur egungo euskarazko komikien oparotasun garaiotara ekarri gaituztenak. Horrela, iragana, oraina eta etorkizunaren lotura sinbolizatu nahi du egun honek.

Norberak bere eremuan antolatu ditzakeen tokian tokiko ekitaldi deszentralizatuak izango dira jarduera honen ardatz: liburutegietan, dendetan, ikastetxeetan… baita Interneten ere, Euskarazko Komikia ikusgai egotea da xedea, eta zale eta gainontzeko haur, gazte zein helduek euskarazko komikia irakurri eta erostea.

Euskaraz publikatzen duten aldizkari eta argitaletxeek ere merezi duten protagonismoa izatea nahi dute.

Eta ekimenaren erdigunean komiki sortzaileak egon daitezela! Gidoilari, irudigile, kolorista… Norberak bere lanaren berri eman dezala, eta zale eta eragileon laguntzaz hauspoa eman diezaiogun euskal komikigintzari!

Irabazi asmorik gabeko ekimen honi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, idatzi euskalkomikieguna@gmail.com helbidera.

Egun horretan egingo diren jarduera edota ekitaldiak ez dira modu zentralizatuan antolatu edo koordinatuak izango. Norbanako, elkarte, enpresa, erakunde eta komunikabide oro dago gonbidatuta ekarpenak egitera, bakoitza bere modura. Hona egin daitezkeen ekintzen adibide batzuk (bestelako ideiak ere ongi etorriak izango dira):

  • Sortzaileak
    • Sare sozialetan marrazki, argazki edo bideoak partekatu (adb. nire komiki kuttuna)
    • Komiki gomendioak edo iritziak zabaldu
    • #EuskalKomikiarenEguna etiketa erabili
  • Dendak, banatzaileak, argitaletxeak…
    • Euskarazko komikien promozio bereziak (deskontuak, opariak…)
    • Euskarazko komikiak leku nabarmenetan bistaratu
    • Sinadura-saioak edo aurkezpenak antolatu
  • Komunikabideak
    • Egunaren berri eman
  • Ikastetxeak, liburutegiak…
    • Komiki-tailerrak antolatu
    • Komikigileak gonbidatu solasaldietarako
  • Zaleak eta Irakurleak
    • Gomendio eta iritziak partekatu sare sozialetan
    • Euskarazko komiki iruzkinak egin
    • Etiketaren erabilera sustatu
  • Erakundeak
    • Tokiko erakundeen babesaz herri mailako ekimenak bultzatu
    • Eguna zabaltzen lagundu herri eta udalen artean

Local

Kultur Kirol ondoan
Maruri-Jatabe, Bizkaia 061 España