
Ekainak 17, asteazkena, 16:00etan eta 18:00etan. Parlamentuaren sarrera, Sarasate Pasealekua. Bisita gidatuak euskaraz. Euskal pilotak Iruñean izandako historia. Javier Mangadoren eskutik. Nafarroako Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatua.
Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikoan.
Leku-kopurua mugatua izanen da: talde bakoitzean 25 pertsona izanen dira, eta ibilaldi bakoitzean bi txanda eginen dira; lehen ibilaldia 16:00etan izanen da, eta bigarrena, 18:00etan.
Ekainaren 17an, asteazkenarekin, euskal pilotari buruzko bisita eginen da. Ibilaldian, euskal pilotak Iruñean izan duen historia jorratuko da, eta XIX. eta XX. mendeetan pilotan jokatzen zen tokiak bisitatuko dira: Kale Berria (Iruñeko Zabalgune egin berriaren hasieran), Sarasate pasealekuaren inguruak eta antzinako judutegia. Pilotan jokatzeaz gain, toki horietan bene-benetan gurea dugun beste modalitate batean ere aritzen ziren, erremontean, hain zuzen. Ibilaldiak 16:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Parlamentuaren sarreratik, Sarasate pasealekutik.
Javier Mangado Urdaniz. Iruña (1952)
Zapatería kalean jaioa, Biologia Zientzietan graduatu zen Nafarroako Unibertsitatean, eta fisikako eta kimikako irakasle eta zuzendaritza-karguetan aritu da Iruñeko hainbat institututan. Nafarroako Institutu Zuzendarien Elkarteko lehendakaria izan zen, baita Ikastetxe Publikoetako Zuzendarien Elkarteen Federazioko kidea ere.
Iruñeko Udaleko Dantzari taldean eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsan parte hartu zuen, eta, gaur egun, Iruñeko Katedraleko kanpai-jotzaileen taldeko kidea da.
Taldean eginiko hainbat liburutan parte hartu du eta beste zenbait itzuli ditu. Hainbat literatura-sari irabazi ditu, gehienak euskaraz, eta Axular aldizkarian (Burlata) eta Euskalerria Irratia (Iruña) eta Lapurdi Irratia (Baiona) irratietan kolaboratzen du. Erregulartasunez kolaboratu zuen dagoeneko desagertu diren Esteribarko Leozka aldizkarian eta Iruñeko Udaleko Informazio Buletinean, besteak beste.
Erretiroa hartu ondoren, Amudisna eta Retina Navarra elkarteetan eta Euskal Pastoraltzan kolaboratu du. Euskara-eskolak ematen dizkie erretiratuei Kondestable Civivoxean eta Plazara! zentroan, eta hitzaldiak ematen ditu Zabalgunea ezagutzen zikloan, Zabalguneko Civivoxean.
Horrez gain, Plaza de Toros de Pamplona. 100 años a sol y sombra (Iruñeko zezen-plaza. 100 urte eguzki eta itzal artean) liburua idatzi du, zeinetan Iruñeak zezenekin duen harreman berezia aztertzen baitu.