Cargando Eventos

« Todos los Eventos

FANT 2026 – Bilboko Zinemaldi Fantastikoa

mayo 8 - mayo 16

Bilboko Udalak antolatutako FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoa maiatzaren 8tik 16ra bitartean egingo da, eta Batman izango du irudi gisa, DC Comics-eko pertsonaiarik enblematikoenetako bat, zineman eta telebistan ere film ugariren protagonista izan dena.

FANT Bilbaok 32. edizioa izango du 2026an, eta aurreko urteetako ildo grafikoarekin jarraituko du, zinema fantastikoko pertsonaiarik mitikoenak ikusaraziz. Era horretan, oraingo honetan, saguzarra agertzen da 2026ko edizioa iragartzen duen kartelean, urte honetan, telebistan lehen Batman agertu zeneko 60. urteurrena ospatzen baita.

Michael Keaton, George Clooney, Val Kilmer, Christian Bale, Ben Affleck edo Robert Pattinson bezalako aktoreek Batman pertsonaiaren papera egin dute pantaila handian, baina lehendabiziko aldiz 1966. urtean agertu zen, Adam West aktore estatubatuarrarekin.

“Batman the movie” izen bereko telesailarekin lotutako film luzea da, garai hartan arrakasta handia izan zuena, eta 1966ko uztailean estreinatu zen (Estatuan 79an). Bob Kaneren komiki ezagunaren egokitzapen honetan, Batmanek eta Robinek aurre egingo diote kriminal talde bati, eta, horien artean, Joker eta El Pingüino betiko arerioak daude.

FANT 2026ko kartelak Batmanek DCn duen jatorri ilustratua gogorarazten duen estetika du, eta, bertan, Zaldun Iluna aurkezten da beste ikusle bat bezala zinemako besaulkian, hiriaz gozatzen, eta, oraingo honetan, Gotham City izan ordez, Bilboko skyline da.

Pertsonaia Zinemaldiaren programazioan ageriko da, Tim Burtonen “Batman” filma ikus ahal izango baita martxoaren 24an, asteartea, Azkuna Zentroko Golem-Alhondiga aretoetan, jaialdiaren egoitza nagusian. Emanaldi zinematografiko hori PreFANT zikloaren barruan sartzen da, datorren maiatzean izango den programazio osoaren atarikoa.

Sarrera doakoa izango da, baina aurrez leihatilan jaso beharko da, emanaldiaren egun berean, 16:30etik aurrera. FANTekin lotutako merchandising-arekin (kamisetak, poltsak, programa…) nahiz Batmanekin lotutako elementuren batekin joaten diren pertsona guztiek lehentasuna izango dute gonbidapenak jasotzeko orduan.

ANTONIO VICENTEN “AVES DE CORRAL” FILMAREN AURREESTREINALDIA

Decorado” eta “Gaua” filmen ondoren, FANTek PreFANT zikloarekin jarraituko du datorren otsailaren 17an, asteartea, Antonio Vicent zuzendariaren opera prima den “Aves de corral” film luzearen  aurrestreinaldiarekin. Filma 19:30ean emango da Golem Alhondiga zinemetako 1. aretoan, eta, beste batzuen artean, zuzendaria bertan izango da.

Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte, baina gonbidapena zinema-aretoko leihatilan jaso beharko da aurrez, emanaldiaren egun berean, 16:30etik aurrera. FANTekin lotutako merchandising-arekin (kamisetak, poltsak, programa…) joaten diren pertsona guztiek lehentasuna izango dute sarrerak jasotzeko orduan.

Egun berean goizean, filma komunikabideen aurrean aurkeztuko dute Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak; Amaia Domingo FANTeko zuzendariak; zuzendari Antonio Vicentek, baita taldeko beste hainbat pertsonak ere.

“AVES DE CORRAL”

Gaizkile-talde berezi batek CNIko buruzagi bat hiltzeko asmoa du, baina bikote ezkongai baten asteburuko plana haien bidean gurutzatuko da.

Pelikula proposamen berritzaile moduan aurkeztuko da Espainiako industria zinematografikoan, zinema klasiko anglosaxoiaren eraginarekin. Antonio Vicent zuzendariaren arabera, “Istorio honetan inork ez du kontrolik. Berdin da zein den plana: zerbaitek huts egingo du. Eta hori pertsonaiei, eta, nolabait, ikusleari aplikatzen zaie. Pelikula hau egiteko beti publikoarengan pentsatu dut, filma ikusteko esertzen direnean haiek entretenitzeko ematen didaten ordu eta erdian. Publikoa da, azkenean, pantaila handiaren izateko arrazoia”.

Espainia, 2026

Zuzendaritza eta gidoia: Antonio Vicent

Aktore-zerrenda: Chechu Salgado, Diego Anido, Olivia Baglivi, Jose Luis Garcia-Perez, Roberto Enriquez, Antonio Duran (Morris), Pedro Casablanc

Trailerra

ANTONIO VICENT

Madrilgo zuzendari eta gidoilariak (1997) Ekonomia ikasi zuen Unibertsitate Konplutentsean, eta prestakuntza Dublinen —bertan idazketarako grina deskubritu zuen— eta New Yorken —masterra eta gidoi ikastaroak konbinatu zituen— osatu zuen. Garai hartan, lehen gidoiak idazten hasi zen, eta zinemagile gisa ibilbidea ere hasi zuen. Zinemazalea izan da betidanik, eta “29 de julio” bezalako film laburrak sinatu (zuzendari gazte onenaren 2024ko finalista Antonio Ferrandis Zinemaldian) eta “Aves de corral” lehen film luzea filmatu du; komedia-elementuak dituen thrillerra, FANTen aurrestreinatuko dena, zinema-aretoetara martxoaren 6an komertzialki irten aurretik.

EUSKARAZKO PROIEKTUAK

Publiko orokorrarentzako eta hedabide espezializatuentzako pelikulak erakustearekin batera, ikus-entzunezkoak sortzen laguntzea da Zinemaldi Fantastikoaren helburuetako bat, bereziki euskaraz egindako lanei dagokienean, Bilboko Kultura 2023-2033 Plan Estrategikoaren ildo estrategikoetan jasotzen den moduan. Hori dela-eta, FANTek, hirugarren urtez, deialdi bat bultzatuko du genero fantastikoko film labur bat euskaraz ekoizteko proiektuak sustatzeko. Horretarako epea martxoaren 28an, larunbata, amaituko da.

Hautatutako proiektuek 5.000 euroko saria jaso ahal izango dute, film labur bat egin ahal izateko. Zinemaldiaren esparruan, parte-hartzaileek beren proiektuak aurkeztu eta defendatuko dituzte (gehienez bi aurkeztu ahal izango dituzte, gehienez ere 20 minutukoak), horretarako izendatutako epaimahai espezializatu baten aurrean eta herritarrentzat irekitako saio batean.

Local

SAN FIDEL IKASTOLA
Gernika-Lumo, Bizkaia 046 España