Feministaldia 2024 jaialdiaren barruan.
Cosas que me explica mi madre familiako memoria-liburu bat da, diasporatik idatzia eta gure amaren irudian oinarritua. Ama txinatarra da, huéi etniakoa (musulmana), eta Espainiara 50eko hamarkadan heldu zen. Ni Madrilen jaio nintzen, urte batzuk beranduago. Duela gutxi esan zidaten nire ama hizkuntza, egiaz, «oinordetzan jasotako hizkuntza» bat dela; amaren jatorrizko (aitarena ere bai, hura hàn etniakoa bada ere) Anhui hiriko auzo musulmaneko dialektoa. Nire beste hizkuntza, gaztelania, 5 urterekin eskolan ikasi nuena, nire alabaren ama-hizkuntza da. Beti aldarrikatu izan dut ez daukadala sustrairik, ez bainaiz landare bat. Madrilen jaio nintzen nire amaren eta aitaren moduko jendea Lur osotik zabaldu zuelako haizeak, haien jaioterrian topatzen ez zuten horren bila etorri baitziren, (haiek bai) erroak zituzten lekutik. Beraz, hori kontatzen saiatzen naiz, nire bi hizkuntzetan: amak Txinan izandako haurtzaroari buruzko poemak eta Espainian jaiotako alabari dagoeneko laurogei urtetik gorako amak bere hizkuntzako esaera baten esanahia azaltzen dion uneko eszenak. Azken finean, txirikorda bat egiten dut nire amaren bizitzaren bi ertzekin, horiek tarte labur batez babesteko azkenaren azkenean berarekin eramango dituen eta guztia oroitezera eramango duen beste haize hartatik.
Zeinen hauskorra, desegina eta nahieran berridatzia den belaunaldiz belaunaldi eskualdatzen den familiako historia? Literatura, sortzeko ariketa, lerro zuri horietatik sortzen al da? Gure emakumezko arbasoek guk agian haien gainean idazteko eta ahoko mozalak kentzeko utzi zizkiguten zirrikitu horietatik agian? Nire literaturak familiako memoria historikoaz pentsatzen du, egia apurka ezabatu izanaz eta egia fikzionatu batekin ordeztu izanaz. Duela zazpi urte, gure amonak –garuneko infartua gainditu zuen– hasi zuen iraultza: dena kontatzea erabaki zuen, familiako mamuei eta munstroei ateak irekitzea; iluntasunaren edertasunari ateak irekitzea; memoria denboraren hozkadatik erreskatatzea; bere amaren, bere amonaren, bere amaginaren partez hitz egitea “hilobira joan eta hitz hauek guztiak neurekin eraman aurretik”. Idaztea beti da erresistentziaren mapa egiteko lana, azazkalekin isiltasunaren lurra miatzea, eta gure emakumezko arbasoak lurperatu zituzten hitzarmen patriarkala ere bai, eta haien hezurrak eta istorioak argitara ekartzea.