
Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa (FICAB) ate joka dugu, eta Irungo Udaleko Kultura arloa motorrak berotzen hasia da, oraingoan, aurtengo edizioaren kartela aurkeztuta.
Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kulturako ordezkariak eta Aizpea Goenaga FICABeko zuzendariak edizio berezi honen kartela iragarri dute gaur. Izan ere, azaroaren 10etik 15era bitartean egingo den zinemaldiaren edizio hau proiektuaren zilarrezko ezteiena izango da, 25. edizioa izango baita.
Data biribila, urterik urte eskualdean eta Gipuzkoa osoan errotzen joan den zinema-jaialdi batentzat, gaur egun den erreferentea bihurtu arte. Urteroko hitzordua da, eta bertan, bat egiten dute dokumental historiko eta arkeologikoetan espezializatutako ekoiztetxe ospetsuenek eta kalitatezko ikerketa arkeologikoak egiten dituzten ekoizpen txikiak.
Ordezkariaren hitzetan, «Aurtengo FICAB ez da edonolakoa. Egia da edizio guztiak direla bereziak, baina 25. hau zilarrezko ezteien ospakizuna da. Horrela, zinema-jaialdi honek urte hauetan guztietan izan duen bilakaera baloratzera eraman gaitu, eta ikusten dugu eskualdean eta lurralde osoan errotu dela, gaur egun den erreferentzia bilakatu arte. Gaur aurkezten dugun kartel hau aztarna utziko duen ediziorako pizgarria izango da».
Kartelean zinemaldiaren gaiarekin lotutako elementu tipikoak dauzka, hala nola sarkofagoak, balio handiko zaharkinak edo gune arkeologikoak, eta erdian urre koloreko 25 bat, aurten egingo diren zilarrezko ezteien erakusgarri.
Aurten, 24 film hautatu dira, hala sail ofizialean nola hezkuntzakoan. Ildo horretan, aurtengo berezitasuna da Errusia, Txina edo Saudi Arabiatik etorritako filmak hautatu direla, duten kalitate eta interesagatik, baita beste herrialde batzuetakoak ere.
Aurtengo edizioan, proiekzio guztiak berriz ere Amaia KZn egingo dira, iaz Mendibil merkataritza guneko zinema-aretoetan egin behar izan baziren ere, kultur ekipamendua hobetzeko obren ondorioz Ohi bezala, filmak doan eskainiko dira FESTHOME plataforman.
FICAB ibiltaria da aurtengo beste hitzordu garrantzitsuetako bat. Azaroaren 13an egingo da historialari eta arkeologo profesionalen topaketa hori, Oiasso museoan, eta ondoren harrera-ekitaldi bat egingo da Irungo Udaleko Areto Nagusian, Cristina Laborda alkatearekin.
Epaimahaia eta sariak
Aurtengo epaimahaiko presidentea Jesús Cimarro da, Madrilgo Ekoizle eta Antzerkien Elkarteko presidentea eta Espainiako Antzerki eta Dantza Enpresa Ekoizleen Elkarteen Estatuko Federazioaren presidentea.
Epaimahaikide izango dira hauek: Ana Belén Marín-Arroyo, Historiaurreko katedraduna eta Kantabriako Unibertsitateko Giza Eboluzioko taldeko (EvoAdapta) zuzendaria, Juan Manuel García-Ruiz, Ikerbasqueko zuzendaria Donostia International Physics Centerren eta CSICeko ikerketako irakasle emeritua, Giulia Pruneti, Florentziako Archeofilm Festivaleko zuzendarikidea eta komunikazioko zuzendaria eta Mertxe Urteaga, Arkeologiako doktorea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoko zerbitzuko kidea.
Hona hemen aurtengo sarien zerrenda: