
FotoArteren XXI. edizioak ezagutarazi zituen irabazleen izenak: lehen saria Karlos Egino Olabek eta El trono improvisado lanak jaso zuten. Orain, saritutako 5 irudiei epaimahaiak hautatutako beste 27 gehituko zaizkie, erakusketa ibiltaria osatzeko. 32 argazki horiek gizarte-etxeak zeharkatuko dituzte maiatzaren amaieratik irailera.
Erakusketa maiatzaren 28an inauguratuko da, 19:00etan, Pilar gizarte-etxean, eta Xuxurlaka arpa & uilleann pipe taldearen emanaldia (sarrera librea, tokia bete arte) izango da. Bertan egongo da ekainaren 17ra arte, orduan Salburura joango baita, ekainaren 18tik 29ra. Hurrengo geldialdia Hegoalden egingo du, ekainaren 30etik uztailaren 13ra. Uztailaren 14tik 30era Zabalganara helduko da. Hurrengo geralekua Ibaiondo izango da, uztailaren 31tik abuztuaren 31ra, eta ibilbidea Pilarren amaituko da berriro, irailaren 1etik 15era.
Egitasmoaren programazio osagarriaren barruan, irudiaren munduari buruzko doako jarduerak ere badaude. Lehena “Lejos de la tierra: donde llegan imagen y palabra” izeneko hitzaldia da, Irene Zottola argazkilari, sortzaile eta hezitzailearen eskutik. Arabako Argazkilari Elkartea FotoArterekin lankidetzan aritu da, Astelehen Fotografikoak zikloaren barruan, artistak ‘Lejos de la tierra’ bere bigarren liburua aurkez dezan eta azken urteetan bere lanen garapenean lagungarriak izan diren prozesuak, bilaketak eta galderetako batzuk parteka ditzan. Izan ere, horietan guztietan, irudia argazkigintzatik haratago hedatzen da. Proiektuari lotutako antzezlan laburrarekin amaituko da ekimena. Hori guztia maiatzaren 18an izango da, 19:00etan, Montehermoso Kulturunean, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.
Hurrengo egunean, maiatzaren 19an, Irene Zottolak berriro parte hartuko du, baina oraingoan Salburua gizarte-etxean. 18:00etan, “La imagen como partitura” izeneko tailer teoriko-praktikoa zuzenduko du. Bertan, irudiaren, hitzaren eta musikaren arteko harremanaren inguruko esperimentazio espazioa proposatzen da. Argazkigintzako teknika esperimentalak erabiltzen dituen sorkuntza-prozesu bisual errazaren bidez, parte-hartzaileek oihartzuna, erritmoa, errepikapena edo isiltasuna bezalako ideiekin lan egingo dute, elementu horiek irudiaren hizkuntzara nola eraman daitezkeen aztertuz. Beharrezkoa da aurrez izena ematea.
Azkenik, aurreko edizioaren arrakasta ikusita, tailer bat euskaraz emango da berriro, aurten “Kamerarik gabeko argazkigintza” izango da, Haz laborategiko Nahikari Moraren eskutik. Kimigramen eta raiogramen jarduera esperimentala da. Bertan, fluidoen eta objektuen aztarnak erregistratuko dira argazki analogikoaren bidez, eta paisaia fisiko-kimikoak aurkitu. Hitzordua ekainaren 6an izango da, 11:00etan, Iparralde gizarte-etxean, eta aldez aurretik izena eman behar da.
Datak eta lekuak