
Unai Elorriagaren azken eleberria, Francesco Pasqualen bosgarren arima, izango da bertsoak eta literatura uztartzen dituen saio berezi honen abiapuntua. Egileak pasarte batzuk irakurriko ditu, eta horietatik abiatuta, gaiak proposatuko dizkie izen handiko hiru bertsolariri.
Emaitza literaturaren eta bertsoaren arteko elkarrizketa sortzailea izango da, bi hizkuntzak euren esentzia galdu gabe bateratzen diren espazio batean. Inprobisazioa izango da ikuskizunaren ardatza, baina literaturaren indarrak tonu eta erregistro berriak zabalduko ditu: umorea, poesia, kontakizuna, hausnarketa edo tentsio dramatikoa.