
Aurten 30 urte beteko dira Garik bakarkako ibilbidea hasi zuenetik. Hertzainaken garaiaren ondoren, Garik alderdi intimo eta pertsonalagoa esploratu nahi izan zuen bere lehen abestietan. Desio horren emaitza gisa, bere lehen diskoa argitaratu zuen: obra zirraragarria da; baina, garai hartako gehiegikerien ondorioz, agian, ezin izan zuen merezi bezala zuzenean defendatu. Gorabehera handiko zenbait urteren ondoren, Garik egonkortasun-garaia bizi du orain, eta hori argi eta garbi islatzen da haren musikan eta kontzertuen indarrean.
Garik orain dela 30 urte grabatu zuen bere bakarkako lehen diskoa, hain justu,
Gari (Elkar, 1995). Urteurren biribila ospatzeko,
lan haren binilozko edizio zaharberritua egin dute, tirada mugatukoa eta oso-oso berezia. Izan ere, Garik ahotsak berriz ere grabatu ditu jatorrizko pisten gainean. Halaber, Miguel Moyanok gitarra gehitu dio zeinbat kantari. Gainerako guztia, berriz, jatorrizko grabazioari dagokio; alegia, Aitor Ariñok 1995ean Berrizko Lorentzo Records estudioetan egin zuen grabazio hari, Mikel Irazokirekin (baxua, ahotsak eta teklatua), Fran Iturberekin (gitarra) eta Víctor Celadarekin (bateria). Edizio berriaren nahasketak eta masterra Víctor Sánchezek egin ditu, Adunako Elkar estudioetan. Gorka Salmeronek (Zum argazkiak) egin zuen jatorrizko argazki-sesioa ere berreskuratzeko aukera izan dugu, eta orduko irudi batzuk, orain arte argitaragabeak zirenak, diseinu berrian integratu ditu Juanma Aramendik.
Fitxa artistikoa:
- Ahotsa eta gitarra: Gari
- Bateria eta programazioak: Alex Alonso
- Baxua eta ahotsak: Oier Aldekoa
- Gitarra, programazioa eta ahotsak: Miguel Moyano
- Teklatua eta ahotsak: Iker Lauroba