Gatibu taldeak hirugarren kontzertu bat eskainiko du 25 urteko ibilbideari amaiera emateko. Kontzertua 2025eko abenduaren 6an izango da, Bizkaia Arenan (BEC), eta sarrerak astelehenean jarriko dira salgai, 12:00etan.
«Ia bi aste pasa dira azken bi kontzertuetako sarrerak agortu zenituztela jakin genuenetik, eta oraindik ametsetan jarraitzen dugula iruditzen zaigu. Gatibu proiektua hasi genuenean, sekula ez genuen imajinatuko zuen alboan 25 urteko ibilbidea egin eta horrela amaituko genuenik, zuen babes eta maitasunez inguratuta», azaldu dute taldeko kideek Instagram sare sozialean.
«Dena merezi duzue, eta nahi beste eman ezin badizuegu ere, bada zuengatik egin ahal dugun zerbait. Lantaldean bilera ugari egin ditugu egun hauetan, milaka dei, bazter guztiak nahasten ibili gara… baina lortu dugu. Badator hirugarrena«, erantsi dute.
Agurreko lehen kontzerturako sarrerak bi ordu eta erdian agortu ziren, eta bigarren kontzerturako sarrerak ere bi ordu baino gutxiagoan saldu ziren.
Bi hitzorduetarako sarrerak agortuta, Gatibuk iragarri zuen ez zuela baztertzen hirugarren kontzertu bat ematea, eta gaur baieztatu du.