Georg Baselitz erakusketaren inguruko hitzaldi-ziklo honek artistaren ibilbide eta obrari buruzko irakurketa-gako batzuk ematen ditu, artistaren azken 10 urteetako ekoizpen artistikoaren testuinguruan, eta horiek dira erakusketaren protagonistak.
José María Parreñorekin.
Goyak Oraindik ikasten ari naiz izendatu zuen 1825 eta 1828 artean –urte horretan hil zen, 82 urterekin– egindako marrazkia. Agure bat irudikatzen du, temati bi makilen gainean aurrera egin nahi duena. Artista zaharraren jarraikitasunaren irudi hori Baselitzen espirituaren isla egokia da, azken hamarkadako lana erakusten baita erakusketa honetan, 77 eta 87 urte bitartekoa. Ohikoa ez izanagatik, ez dira gutxi adinean aurrera egitearekin batera lan garrantzitsuak egin dituzten artistak, izan margolariak, musikariak edo idazleak. Hala ere, gure asmoa ez da Baselitz zaharra adin handiko beste sortzaile aktibo batzuez inguratzea, baizik eta zahartzaroak nolabaiteko bikaintasunik ematen duen aztertzea. Azken urteetako ikerketek erakusten dute narriadura kognitiboa beste trebetasun batzuekin konpentsatzen dela, eta gerontologia artistikoak azken etapa batez hitz egiten du, zeinak bizitzaren baieztapena eta arlo espiritualarenganako interesa dituen ezaugarri. Hala ere, zenbait kasutan, azken urteetan sortzen den lana ez da funtsaren funtsa edo bukaerako obra bat, baizik eta bat-bateko aldaketa bat, berritzailea eta polemikoa. “Estilo berantiarra” izendatu izan da. Eta estilo horixe dagokie Francisco de Goyari eta Georg Baselitzi.