Denboran ahantzitako tren-geltoki bateko komun batean —ispiluak, kabinak, komun-ontziak, azulejuak, argiak dir-dirka— mendeak zeharkatzen dituen drama bat hedatzen da. Bost ahotsek durundi egiten dute ilunantzean, a capella, Carlo Gesualdoren lehen eta bigarren liburuetako madrigalak hobitik ateraz. Nota bakoitzak, harmonia hautsi bakoitzak, musikagilearen tragedia biziberritzen du: jelosiak, traizioa, erailketa. Bestaldean, trenen marruma, irteerak eta iritsierak iragartzen dituen megafonia, ahotsak eta arimak joan-etorrian, jendetza batetik bestera…, eta hautatuek atea zeharkatzen dute, krimen izugarriaren agertokira sartzeko. Gesualdoren istorioa lau pertsonaien eskutik hasten da taupaka, espazio goibel honetan, eta musika aitortza bilakatzen da, eta odola, memoria ezabaezin.
Alex Gerediagak eta bere talde artistikoak Gesualdoren madrigalak eszenaratu eta irudikatzeko erronkari heltzen diote. Gesualdoren errepertorioan adituak diren Basileako Voces suaves taldeak lagunduta, proposamen antzemangarria garatuko dute; antzemangarria, bere ildo estetikoagatik zein narratiba zinematografikoagatik.
Carlo Gesualdoren musikarekin (1560-1613)
Fitxa artistikoa:
Arriaga Antzokiaren ekoizpen berria.
Estreinaldia Arriaga Antzokian.