Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Getxo Jazz 2026: egitaraua (uztailak 1-5)

julio 1 - julio 5

Getxo Jazzaren 49. edizioak uztailaren 1etik 5era irekiko du euskal jazzaldien denboraldia. Ekitaldia ospatuko duenak, baditu Muxikebarriko kontzertu nagusietarako lehen izenak. Bere mendeurrena bete eta urtebetera, Getxo Jazzak Charles Lloyd safoxonista handia izango du aurten, besteak beste. Horrez gain, Camille Thurman saxofoi-jotzailea, azken urteetan jazz-eszenan nabarmendu den etorkizun handiko musikaria ere jardungo da jazzaldian. Aurten, gainera, ‘Sketches of Latin Miles’ proiektuaz gozatzeko aukera izango dute zaleek Getxon, Miles Davis handiaren lanari latin jazzaren estilotik ekingo dion ekimena, hain zuzen ere. Pepe Rivero pianistak gidatutako azken proiektu horrek, zazpi musikari kubatar ospetsu bilduko ditu.

Sarrerak eta abonamenduak Getxo Kulturako ohiko kanaletan jarriko dira salgai martxoaren 30etik aurrera, gainerako emanaldien berri eman ondoren.

Camille Thurman (New York, 1986) jazzaren munduan indar gehien erakutsi duen saxofoi-jotzaile, abeslari eta konpositoreetako bat izan da azken urteotan. Tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen ikuspegi musikal bereziaz baliatuta, errepertorio klasikoaren eta originalaren artean kokatzen du bere lana, horren bidez bere erreferentzia musikal handiei omenaldia egiten diela. 2020az geroztik Downbeat aldizkari entzutetsuko artista berrien zerrendan ageri da. Halaber, birritan irabazi du Konpositore Gazteentzako Herb Alpert Saria, bai eta Enbaxadore Kulturalentzako Fulbright Beka ospetsua lortu.

Bere talentu handiaren erakusle, Thurmanek historia egin zuen mundu osoan Jazz at Lincoln Center Orchestra-n parte hartu zuen lehen emakumea izan zenean. Orkestra-zuzendari errespetatua, nazioarteko izen handiko kontzertu-areto eta jazz-jaialdi ugariren buru izan da, hala nola Kennedy Center, AEBetako Kongresuko Liburutegia eta Rose Antzokia. Nazioarteko aintzatespena haren musikaren erakargarritasun unibertsalaren eta jazzaren komunitate globalean izan duen eragin sakonaren lekuko da. Egun arte, lau disko kaleratu ditu, horietako azkena ‘Confluence Vol. 1: Alhambra ‘, Darrell Green post-bop bateria-jotzaile ospetsuaren laukotearekin elkarlanean eginikoa nabarmendu behar dela. Getxoko Jazzaldian, hain zuzen ere, saxofoi-jotzaileak uztailaren 2an joko du talde horrekin batera. Laukoteak honako musikari hauek osatzen dute: Wallace Roney Jr. (tronpeta), Paul Beaudry (baxua) eta David Bryant (pianoa).

Biharamunean, uztailak 3, ostiralean, Getxo Jazzak aurtengo edizioaren hitzordu nagusietako bat biziko du. Charles Lloyd (1938; Memphis, Tennessee) saxo-jotzaile eta konpositore ospetsua izango da horren protagonista. Joan den mendeko 50eko hamarkadaren amaieran hasi zuen ibilbide musikala Lloydek. AEBeko hegoaldeko artista beteranoak, sormenaren nekea erakutsi beharrean, erronka egiteko gaitasun handia eta aurrez ezarritako konbentzioak eta oztopoak gailendu dituen ibilbidea eraiki du, artista jazz garaikidearen erreferente bizi handienetariko bat bilakatu dela. 60ko hamarkadatik aurrera bere ospeak gora egin zuen eta, ordutik hona, besteak beste, Ornette Coleman, Chico Hamilton, John Coltrane, Miles Davis, Michel Petrucciani, Keith Jarrett edo Charles Mingus bezalako musikariekin elkarlanean aritu da.

1965. urtean hasi zuen bere ibilbidea lider gisa, eta 40 lan baino gehiago grabatu ditu, generoko etxe ospetsuenetako batzuekin: Atlantic, ECM, Blue Note… Orain arteko bere azken lana ‘Figure in Blue’ estudioko albuma da, bere Duke Ellington, Billie Holiday eta beste erreferente artistiko eta pertsonal handi batzuen musikan zeharreko bidaia liluragarria. Horretarako, hirukote berria eratu zuen, Jason Moran pianistarekin eta Marvin Sewell gitarra-jotzailearekin. Getxon eskainiko duen kontzertuan ere alboan izango ditu eskarmentu handiko maisuak.

Miles Davisen musika latin jazzaren ikuspegitik

Uztailaren 4an, larunbatean, ‘Sketches of Latin Miles’ aurkeztuko da jazzaldian, Kubako zazpi musikari ezagunek osatutako proiektua, hain zuzen ere, amerikar tronpeta-jotzaile handiaren omenezko saioa. Artistaren jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, zazpikoteak haren musika latin jazzaren lurraldeetara eramango du, Illinoiseko maisuaren etapa desberdinetan zehar, bebop-a eta jazz elektrikoa alde batera utzi gabe. Pepe Rivero piano-jotzaileak gidatuta, Karibeko musikako izen nabarmenak bilduko ditu taldeak: Georvis Pico (bateria), Jorge Vistel (tronpeta), Reinier Elizalde ‘El Negrón’ (baxua eta kontrabaxua), Yuvisney Aguilar (perkusioa), Roman Feliu (saxo altua) eta Daniel López ‘Donny’ (teklatuak). Talde horren eskutik, Getxoko publikoak proposamen berritzaile batez gozatzeko aukera izango du, askotariko soinu-testuinguruetan barneratzen dena, generoa irauli zuen musikariaren lana protagonista izango dela.

Local

Muxikebarri – Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentroa – (Andres Isasi Musika Eskola (Areeta))
Basagoiti etorbidea, 77
Getxo, Bizkaia 044 España