
2026ko Getxophoto jaialdiaren barne.
Getxophotorekin batera jaio ziren eta orain hogei urte betetzen dituzte. Jaialdiaren hogeigarren urteurrenarekin bat eginez, omenaldia egin nahi izan diogu bertako gazteen belaunaldi honi. Adin loriatsu horretan, haurtzaroa eta nerabezaroa atzean uzten dira behin betiko, eta etorkizuna promesaz betetako orrialde zuri gisa aurkezten da –bizitzan zehar etsipenez oroituko duguna–, baina une kritikoa ere bada, aldaketa handiena, bizi-ibilbidea bideratuko duten funtsezko erabakiena. Judith Melsió argazkilari bilbotarrak bere gain hartu du gaurko hogei urtekoen aniztasuna erakusten duen tokiko belaunaldien erretratu txiki honen erronka. Bertan, gaur egungo gizarte nahasi eta aldakorrean heldu bihurtzeak dakartzan konplexutasun izugarriak suma daitezke.
1998an Bilbon jaioa, Judith Melsió argazkilaria eta artista bisuala da. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) 2020an, eta, ondoren, Caleidoscopio Photo Argazki Garaikidearen programan parte hartu zuen (2020–2021) eta Egile Argazkigintzako Masterra osatu zuen Bilboko Argazkilaritza Garaikidearen Zentroan (CFC) (2021–2022). Bere proiektuen artean aipagarriak dira De Tripas: Corazón (2024), belaunaldien arteko amorruari buruzko fanzine kolaboratiboa, eta 2022 Anuario (2023), bere inguruaren eta denboraren argazki-erregistro dokumentala. Ikus-entzunezkoei dagokienez, Purple Widow RMX (2020) zuzendu zuen, LGBT gaiak dituen tekno industrialeko bideoklipa. Sarean (Bilbo) eta RKR Studio bezalako espazioetan aurkeztu dute bere lana, eta Pikara Magazinen argitaratua izan da.