
2026ko Getxophoto jaialdiaren barne.
Bizitzaren zikloetan eta denboraren joanean pentsatzeak heriotzaren gaiarekin aurrez aurre jartzen gaitu ezinbestean. Maximova argazkilari bulgariarraren Destination Eternity (Betikotasuna helmuga) orbita sobietarreko hainbat herrialdetako hilerrietan hartutako erretratuen errepertorioa da. Baina, hileta-arte mota hau pertsonaia ospetsuentzat gorde ohi bada, hemen erretratatuak pertsona arruntak dira. Oro har, granito beltzean zizelkatuta daude, estetika hiperrealistarekin, eta inskripzioek beren bizitzako unerik esanguratsuenetan gogorarazten dituzte, askotan maite dituztenekin batera (beren ibilgailuak barne). Getxophoton 2015. urtean aurkeztu zen Destination Eternity-k erakusten du transzendentziaren bilaketa kultura guztietan ohikoa den arren, kultura bakoitzean oso modu desberdinean adierazten dela.
Bulgariako Ruse hirian jaioa, 1973an, Maximova Kazetaritzan eta Komunikazio Zientzietan graduatu zen Vienan, eta argazkilaritzan zaletu zen bere ama, Bulgariako margolari ezaguna, bat-batean hil ondoren. Argazkilari freelance moduan egiten du lan The Guardian, Die Zeit, GEO edota National Geographic aldizkarietan, eta bere irudiak Europako hainbat hiritan eta New Yorken erakutsi dira. Jasotako errekonozimenduen artean daude, besteak beste, Anton Georg Martin saria 2023an, Vonovia Award für Fotografie edo New East Photo Prize sarietan finalista izatea. Silent River, Associated Nostalgia edo Kitchen Stories from the Balkans liburuak argitaratu ditu eta bere lana 100 fotoliburu onenen artean aukeratu dute How We See: Photobooks By Women (2018), 10×10 Photobooks-ek argitaratua.
Ordutegia: