
2026ko Getxophoto jaialdiaren barne.
Amaierarik gabeko eguneratzeen espiral batera garamatzan gizarte hiperteknologikoaren aurrean, galdera da ez ote garen teknikaren jatorrietara itzuliko. Intuizio horrek mugituta, Chloé Azzopardik tramankulu multzo bat asmatu du, itxuraz inkongruenteak. Gailu elektronikoak imitatzen dituzte baina elementu naturalekin eginak daude. Adarrek, maskorrek, harriek, loreek edo izotzak irudimenezko pantailetarako, oinarrizko antenetarako edo protesi ziurrenik disfuntzionaletarako material gisa balio dute. Zalantzan jartzen dute teknologia horien benetako erabilgarritasuna eta erabiltzen ditugun tresnek gure zentzumenei nola eragiten dieten berriz deskubritzera gonbidatzen gaituzte. Entzumen, ukimen, usaimen eta, batez ere, ikusmenari esanahi berria ematen zaie “ziborg analogiko” horien argitan. Berrikuntza teknikoaren absurdora jotzen dute, askotan benetako funtzionaltasunik gabea, bai eta gorputzaren adimenean eta haren egoera naturalean oinarritutako jatorrizko gorputz-tekniketara itzultzeko beharrera ere, organikoki zuhaitz edo maskor batetik gertuago edozein tresna elektronikotik baino.
1994an Parisen jaioa, Chloé Azzopardik argazkilaritza, performancea eta instalazioa uztartzen dituzten proiektuak garatzen ditu eta horietan, ekologiaren, desioen eta imaginario postkapitalozenikoen eraikuntzaren inguruan ikertzen du. Bere lana nazioarteko jaialdi, galeria eta museo ugaritan aurkeztua izan da. Besteak beste, Paris Photo (2025), Suitzako Photo Élysée (2025), Fisheye Gallery (2024), Copenhagen Photo Festival (2024), Bruselako L’Enfant Sauvage Galerie (2025), Bristolgo Serchia Gallery (2024) eta Estatu Batuetako Center Santa Fe (2025). Horrez gain, hainbat beka eta sari jaso ditu, horien artean New writings of environnemental photography La Gacillyko Jaialdian (2022), edota Women Photograph beka (2025). Bere Tigre jaune sur fond bleu (2025) proiektuak Fondation des Artistes eta CNAPren (Arte Bisualen Zentro Nazionala) laguntza jaso zuen. Bestetik, The New York Times, British Journal of Photography, Fisheye eta d la Repubblica argitalpenetan ikusi ahal izan da bere lana.