
2026ko Getxophoto jaialdiaren barne.
The Haircut (Ile mozketa) Frederic Aranda Erresuma Batuan bizi den suitzar jatorriko argazkilariaren serie enblematikoetako bat da, eta erretratu garaikidearen arloko begirada berezienetako bat.
Pertsonaien atzeko istorioek erakarrita, oraingoan, Aranda, Ian McKellenen kasuaz interesatuko da. 85 urteko aktore honek Shakespeareren Henry IV.a obran John Falstaffen rola utzi egin behar izan zuen eszenan izandako istripu baten ondorioz. Rol ikoniko hori luzaroan espero izan zuen aktoreak, eta urtebete baino gehiago eman zuen bizarra eta ilea moztu gabe. Antzezlanak bera gabe jarraitu zuen arren, McKellenek pertsonaia gorpuzten jarraitu zuen etxean osatu zen bitartean, eta ez zen bertatik atera antzerkiko azken emanaldia amaitu zen arte. The Haircut-en, Arandak azken egun horretako ile-mozketa jasotzen du, aktoreak Falstaffen nortasuna askatzen dueneko azken performancea, bere bizitzako etapa hori itxi dezakeen momentua.
1980an Genevan jaioa, Frederic Aranda Londresen bizi da eta nazioarte mailan egiten du lan. Oxfordeko Unibertsitatean Japoniar Ikasketetan lizentziatu zen eta Wasedako Unibertsitatean ikasi ondoren Tokioko Kabuki-za-n interprete gisa egin zuen lan. Gaur egun Britainia Handiko Argazkizale Errealeko enbaxadorea eta kidea da. Arandak, besteak beste, Swiss Photo Award (2018) eta International Portrait Photographer of the Year (2023) sariak irabazi ditu. National Portrait Galleryko Taylor Wessing Photo Portrait Prize lehiaketan finalista izan da, baita Sony World Photo Awards eta Lensculture Portrait Awards sarietan ere. Lau aldiz irabazi du OpenWalls Arles saria eta hirutan Portrait of Britain eta International Photography Awards-a. Bere lana nazioartean erakutsi da, besteak beste, National Portrait Gallery, Imperial War Museum, Victoria and Albert Museum, Royal Photographic Society, UNESCO, Londresko Opera Gallery, Bulgariako Galeria Nazionala eta Norvegiako Preus Museoan. Bere lanak hainbat monografiatan ikusi du argia eta mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetan aurki daiteke.