Aurten ere Artzain Eguna jai giroan ospatzeko urteroko hitzordua iritsi da eta horretarako latxa ardiaren, Idiazabal gaztaren eta artzain txakurraren inguruko egitaraua antolatu dute. Goizean zehar, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 41. Edizioa ospatuko da, gazta eta sagardo dastaketa, artisauak, gaztagintza tailerra, ardi mozketaren erakustaldia, ardi erakusketa eta aurten ardi haragiaren sukaldaritza erakusketa izango dira Ane Otegi sukaldariaren eta Aitziber Aizpuru nutrizionistaren eskutik. Ondoren, pintxoak eta errezetak banatuko dira. Errezetak ardi haragiaren pikadilloaren zozketarako zenbakia izango du. Aurten ere herri kiroletako haur jolasak izango dira elizaren parkearen ondoan eta eguraldi txarra izanez gero frontoian.
Garrantzitsua da azpimarratzea ardi okela pintxorako tiketa, Aitxuriko bazkarirako eta sagardo edalontziak jasotzeko Azokan salduko direla.
Aurtengo nobedade gisa, egiten duen beroarekin kezkatuta, eta animalien ongizatearen legea aintzat hartuta, ardien kokapena aldatuko da, eliza eta udalaren artean jarriko direlarik, bertan itzal gehiago izango dutelako.
Edizio honetan, Jesus Goñi eta Florentino Goñi Amerikako artzainak omentzeaz gain, Batis Otaegi ere omenduko dugu.
Aurten ere baserritarrez jantzita joateko ohitura berreskuratu nahi dugu eta horretarako ekimen txiki bat jarri dugu martxan. Artzain Egunaren photocall bat egongo da eta berarekin argazkiak ateratzera animatzen zaituztegu. Argazki hauek artzain eguneko instagramera (@artzainegunalegazpi) bidali ondoren, bazkari bat zozketatuko da koadrilan gozatzeko.
Gainera, urtero bezala, herri bazkaria egongo da Aitxuri jatetxean, eta txartelak 25 eurotan daude salgai dagoeneko Udaleko HAZen. Bazkari herrikoiaren ondoren, arratsaldean, 56. «Artzain txakur txapelketa» ospatuko da Urtatzako zelaian.
Ondare hau guztia ezagutu, dastatu eta bizi nahi baduzu, zatoz igandean «Gipuzkoako Artzain Egunera»!
Hurrengo web orrian promozio bideoa eta programazioa kontsulta daitezke: