Egun osoan zehar musika, tailerrak eta jarduerak izango dira eta graffitiko 11 artista euren sorkuntzak zuzenean lantzen arituko dira
Larunbatean, ekainak 28, ‘Graffesta 01012’ ekimena egingo da lehen aldiz Gasteizen. Hiri kultura independentearekin topaketa. Bertan, aniztasuna hainbat adierazpenen bidez ospatuko da, jarduera nagusia graffitia izanik. Jaialdia aisialdirako eskaintza alternatiboa nahi duten eta graffitiaren adierazpen artistikoarekiko pasioa sentitzen duten herritar guztiei dago zuzenduta.
Topaketa horretan ‘Graffesta 01012’ graffiti lehiaketa egingo da. Gasteizko eta beste hiri batzuetako 11 artistak El Pilar auzoko Pio Baroja Zentroaren instalazioetako hormetan egingo dituzte euren sorkuntza-lanak, zuzenean. Graffiti lehiaketa bera egiteaz gain, tailerrak eta musika izango dira egun osoan zehar.
Jarduera hori ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ ekimenaren laugarren edizioaren barruan dago. Izan ere, boto gehien jaso zituen proposamenetako bat izan zen. Bizikidetzaren, kulturaren, berdintasunaren eta aniztasunaren esparruan, norbanako batek horma-irudi egileak, graffitigileak eta/edo tokiko eta kanpoko street art artistak bilduko zituen ekitaldi bat egitea proposatu zuen, egoera kaskarrean dauden hiriko espazioak berritzeko eta kolorea emateko.
Miren Fernández de Landa ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ ekimenaren zinegotzi arduradunak, parte-hartze programa horren garrantzia azpimarratu du, “tresna bikaina da zementuzko edo baldosazko proiektuetara mugatu behar ez duten eta horrelako ekimen kulturalek ere lekua dutela erakusten duten herritarren ideiak indarrean jartzeko”. Zinegotziak gogorarazi du urtea amaitu baino lehen herritarren interesekin lotu eta errealitate bihurtuko diren proposamenak berriro egitea ahalbidetuko duen bosgarren edizioa aurkeztuko dela.
Jaialdiaren antolakuntzari dagokionez, Kultura eta Gazteria Zerbitzuak arduratu dira. “Kulturaren festa hori ekimen berritzailea eta oso interesgarria da. Ez bakarrik hiri kulturaren aniztasunean zentratzen delako, baita gure Kulturaren Plan Estrategiko berriaren helburuetako birekin bat datorrelako ere, hala nola: sortzen ari den talentuaren sormen prozesua babestearekin eta Gasteizko Udaleko Sailen arteko lankidetza indartzearekin”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Bestalde, Ana López de Uralde Gazteriako zinegotziak aitortu duenez, “azken urteotan hiriko artea sustatzeko eta bultzatzeko hainbat eskaera jaso ditugu Gazteriaren Udal Zerbitzuan. Lan ildo hori V. Gazte Planean jasotzen dugu, eta hainbat jarduera eta programaren bidez bultzatzen dugu, gazteen talentua ikusarazteko eta euren artea adierazi ahal izateko espazioa eskaintzeko helburuarekin”.
11 artistak hartuko dute parte Graffiti Lehiaketan
Graffiti lehiaketaren garapenari begira, bertan parte hartzeko interesa duten artistentzako prozesua ireki da. Jasotako proposamenen artean, Gasteizko sei artista aukeratu dira (berdinketa tekniko baten ondoren, aurreikusitakoa baino bat gehiago hautatu da), eta udalerritik kanpoko beste bost:
Gasteizko artistak: DIBU (@dibu_eldibujos), Graphysics (@fastgraphysics), OJODEKUERVO (@ojodekuervo), 01Colors (@01colors), FillOne (@fillinculture) eta W (@w.ilustracion).
Hiritik kanpoko artistak: Huelvako ITSPERFECTCHAOS (@itsperfectchaos), Iruñeko Peio Iglesias (@iglesiaspeio), Mallorcako Carolina Adán Caro (ART IS LIFE) (@carolinaadancaro), Madrilgo Nemo Ika (@nemo.lka), Bilboko Manu Cruz (@muraleslosada) eta Donostiako Miguel Carrera.
Ekainaren 28ko ekitaldian 11 pertsona horiek zentroko hormen gainean egingo dute lan zuzenean, horretarako mugatutako espazio batean, eta obrak sortzeko prozesua zuzenean ikusi ahal izango da. Lanak egiteko denbora amaitu ondoren, hiriko artean adituak diren pertsonek osatutako epaimahai batek emango du erabakia eta lehiaketako hiru sariak banatuko ditu: lehena 1.000 €-koa, bigarrena 700 €-koa eta hirugarrena 300 €-koa.
Jarduera paraleloak
Lehiaketarekin batera, egunean zehar hainbat jarduera antolatu dira, hala nola lankidetzan oinarritutako horma-irudi bat El Pilarreko BIZANeko erabiltzaileen parte-hartzearekin, lettering tailer bat eta graffiti libreak egiteko espazioak. Gainera, Dj Santa Klaux, DJ SU eta DJ XBEATS90ek musikaz girotuko dute eguna. Hona hemen jarduera-programa: