Cargando Eventos

« Todos los Eventos

«Gure eskuetan» zikloa: «Sustraidun pertsona eta herri eredua, ondare iturri»

mayo 12

Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa ospatuko du datorren urrian, Europako Kontseiluak Europar Batasunarekin lankidetzan 1991tik bultzatzen duen ekimena. Jardunaldi hauen helburua gizartea kultura-ondarea ezagutu, baloratu eta babestearen garrantziaz sentsibilizatzea da. Gure eskuetan lelopean edizio honek ondarearen balioari eta ondarearen zaintzaren erantzukizun kolektiboari buruzko begirada zabala eta partekatua proposatzen du. Ikuspegi hau diseinatzeko kontuan hartu da Europak 2026ko ediziorako finkatu duen gaia, ardatz moduan ondarea mehatxatzen duten arriskuak eta ondarea babesteko kolektiboki jarduteko premia ezarrita. Europako Kontseiluaren proposamenak azpimarratzen du premiazkoa dela mehatxuei erantzutea, ondare kulturalak etorkizuneko belaunaldientzat esanguratsua eta eskuragarria izaten jarrai dezan.

Urrian ospatuko den Ondarearen Europako Jardunaldien aurreko hilabeteetan Bizkaiko Foru Aldundiak hitzaldi-ziklo bat antolatu du, kultura-ondarea zaintzeak dakartzan erronkei, esanahiei eta erantzukizunei buruz hausnartzeko. Saioak apirila eta ekaina bitartean egingo dira Ondare Aretoko hitzaldi-aretoan eta ondarea hainbat ikuspegitatik jorratuko duten adituak batuko dira: dokumentazioa, identitatea, emakumeen memoria eta kontserbaziorako irizpide garaikideak.

Hitzaldi hauek gizarte-, teknologia- eta ingurumen-eraldaketa sakonen testuinguruan  ondarearen zereginari buruzko eztabaida zabaltzeko balioko dute. Kultura-ondarea, materiala zein ez-materiala, baliabide bakarra eta berriztaezina da: ezin da ez kopiatu ez ordezkatu, eta galera bakoitzak memoria kolektiboarekiko haustura dakar.

Ildo horretatik Ondarearen Europako Jardunaldiak kultura eta historia nortasuna ikuspegi partekatu batetik babesteko beharraz hausnartzeko gune gisa aurkezten dira,  betiere ondarea guztion esku dagoela ulertuta: erakundeak, profesionalak eta gizartea, oro har.

Ondarearen balioan sakontzeko hitzaldi zikloa.

  • Maiatzak 12 – Sustraidun pertsona eta herri eredua, ondare iturri

Bigarren saioa Jon Mentxakatorre Odriozolak, Euskal Filosofia eta Filologian doktoreak, eskainiko du, euskaraz nortasunaren, balioen eta ondarearen arteko harremanari buruzko hausnarketa eginez. Joxe Migel Barandiaranen pentsamendutik abiatuta  Mentxakatorrek nola ondarearen kontserbazioa ezin den ondare hori sortu zuten sustrai kulturaletatik, bizimoduetatik eta gizadi-ereduetatik bereizi aztertuko du. Ondarea arriskuan dagoela antzematen denean, arriskuan dagoena, ondasunak berak baino lehenago, zentzua eman zien giza atzealde hori da, hain zuzen ere. Horregatik hitzaldiak  etnologia substratu hori ulertzeko eta jasotako ondarea zaintzeko funtsezko tresna gisa aldarrikatuko du.

Oinarri horretatik abiatuta Mentxakatorrek euskal kultura espiritual eta etikoaren ezagutzaren, bilketaren eta transmisioaren garrantzia aztertuko du, ondoren euskal nortasun tradizionalean eta azken hamarkadetan balio-sistema eraldatu duten aldaketetan sakontzeko. Saioak prozesu horiek ondarearen pertzepzioan, transmisioan eta zaintzan nola eragiten duten ulertzeko giltzarriak eskainiko ditu, eta aurreko belaunaldietatik jasotako ondarea zaintzeko beharrezkoak diren jarrerak eta ekintza-ildoak proposatuko ditu.

 

Local

Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegi Historikoa
María Díaz de Haro, 11
Bilbao, Bizkaia 020 España