Gure Zirkuak emanaldi berria prestatu du denboraldi honetarako, eta abuztuan Orion izango dira, beste behin. Guztira 14 emanaldi egingo dituzte, ostiraletik igandera, eta sarrerak eskuratu daitezke Gure Zirkuaren webgunean.
Gure Zirkuak Abadia saria jaso du ekainean. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako saria da, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Gure Zirkuaren kasuan, “euskararen normalizazioaren, kulturaren deszentralizazioaren, familientzako aisialdiaren eta tokiko talentuaren sustapenaren alde modu berritzaile eta atseginean egindako lanagatik” eman diote garaikurra. Urte hasieran, halaber, Sagardo Denboraldia zabaldu zuen Iker Galartza eta Joseba Usabiagak zuzendutako lantaldeak.
Aitortzak jasotzen ez ezik, emanaldi berria prestatzen ere ibili dira azken hiletan, eta Getxon, Amorebieta-Etxanon eta Eibarren geldialdiak egin ondoren, uztaila eta abuztua Lekeition eta Orion pasatuko dituzte, hurrenez hurren.
Abuztuaren 1tik 23ra egingo dituzte emanaldiak, 12:00etan edo 19:00etan, Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoko belardian.
Sarreren salmenta:
Sarrerak Gure Zirkuaren webgunean daude salgai eta lotura eskuragai duzue Udalaren webguneko Agenda ataletik.