Bilboko Udalak gazteentzako euskarazko aisialdia eskaintzen duen Harrapazank programaren beste edizio bat jarri du martxan. Aurten, programa horrek 20 urte beteko ditu, eta nobedadez beteta dator. Jarduerak martxotik maiatzera izango dira, eta parte hartu nahi dutenek otsailaren 17tik martxoaren 3ra bitartean eman ahal izango dute izena, www.harrapazank.eus webgunearen bidez.
Ekimena 10 eta 16 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta helburu du gazteen aisialdiko espazioetan eta denboran euskararen erabilera sustatzea, hiriko zenbait barrutitan. Gainera, programan, balioekin zerikusia duten zeharkako gaiak ere lantzen dira, hala nola berdintasunarekin, inklusioarekin eta dibertsitatearekin eta osasunarekin lotutakoak.
Harrapazank Taupa Euskaltzaleen Mugimendua elkartearekin lankidetzan antolatzen da, hiriko auzoetako areto eta zentroetan, eta xede du, halaber, euskaldunen arteko sareak ehuntzea.Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak laburbildu duenez, asmoa da «Bilboko gazteek euskara esperientzia positibo eta gozagarriekin identifika dezatela, euskararen erabilera sustatzeko».
Edizio hau berritasunez beteta dator. Aurten, urteroko Eszena talentu-lehiaketari amaiera emateko, jaialdi batez gozatu ahalko dute parte-hartzaile guztiek Bilborocken, eta, bestalde, irteerak egingo dira lau asteburutan.
HARRAPAZANK PROGRAMAREN AURTENGO ESKAINTZA OSOA
10 eta 16 urte arteko gazteek bideojokoen munduan murgiltzeko aukera izango dute. Lehiaketaren bidez, aisialdian euskararen erabilera sustatzeaz gain, bideojokoen balio positiboak ere landuko dira.
Game Player lehiaketa. Rocket League bideojokoan oinarritutako txapelketa bat da. Lehiakideek lau online proba gainditu beharko dituzte banaka, eta finalistek aurrez aurre ikusiko dituzte aurpegiak maiatzaren 24an, Euskararen Etxean, goizeko 11:30ean. Irabazleek 150 euro eta 50 euroko bonu-sariak jasoko dituzte.
Programa honetan ohikoa den bezala, 10-16 urteko Bilboko gazteek euren talentua erakusteko aukera izango dute. Banaka zein taldeka parte hartu ahal izango dute. Antolatu diren zuzeneko castingetan parte hartu beharko dute, lehenik eta behin. Lehen urrats hori gaindituta, haien talentua garatzeko masterclassa jasoko dute. Finalerako sailkatzen direnek coachen tutorizazioak izango dituzte finalean aurkeztuko duten ikuskizuna hobetzeko. Lehiaketaren finala maiatzaren 24an izango da, Bilborock aretoan. Hainbat dira lehian dauden sariak; denera, 1.100 euro banatuko dira bonu-saritan.
CASTINGAK
MASTERCLASSA
Izena eman duten guztiei zuzenduta. Coachek gomendioak emango dituzte.
Martxoak 25 eta 26 | La Perrera | 18:00
TUTORETZAK
Finala prestatzeko entsegu eta diziplinari lotutako aholkuak.
GALA
Ekitaldi honetan aukeratuko dituzte edizio honetako irabazleak.
Maiatzak 24 | Bilborock | 18:00
HARRAPAZANK JAIA
Harrapazank-en parte hartu duten guztiek jaiaz disfrutatu ahal izango dute.
Maiatzak 24 | Bilborock | 20:00
Aurtengo berritasun nagusia Harrapazank irteerak dira. Bilboko gazteek 4 irteera egiteko aukera izango dute martxotik maiatzera, domeketan, ingurune naturalean eta taldean esperientzia ahaztezinak bizitzeko.
Naturaz bete-betean gozatzeko aukera izango dute hiritik kanpo: Armintzako mendian orientazioa praktikan jarriz, Urdulizko Santa Marinako haitzetan eskalada eginez, Barrikan arku-tiroa eginez, eta Armintzan snorkela eginez.
Izena emateko, www.harrapazank.eus webgunean aurkituko duten inprimakia bete beharko dute. Binaka izena emateko aukera egongo da.
IRTEERAK