
Ekainaren 23tik 27ra, 79 ekintzak osatuko dute 2026ko Sanjoanetako jai egitaraua. Aurten, Jai Batzordeak hala erabakita, txupinazoa bi eragilek botako dute: Hernaniko Akelarreak, 40. urteurrena duelako, eta Kontrakantxa gaztetxeak, 20. urteurrena dela eta.
Musikak eta dantzak presentzia berezia izango dute
Musikak presentzia nabarmena izango du sanjoanetan. Egunero izango dira kontzertuak, erromeriak eta txarangak. Euskal musika garaikideak presentzia nabarmena izan ohi du festetan. Aurten, Merina Gris, EZEZEZ, Kilimak, Skabidean eta Sua taldeen kontzertuak izango dira. Euskal Herriko musikaz gain, munduko beste txoko batzuetako musikek ere izango dute tokia: Mexikoko mariatxiek eta Senegalgo musikak.
Herriko musikariek ere presentzia garrantzitsua izango dute herriko festetan. Herriko hiru abesbatzen eta Musika Bandaren emanaldiak izango dira, baita txistularien, dultzaineroen eta Hernani Musika Eskolako ikasleen kalebueltak.
Dantzak ere garrantzia izango du egitarauan: erromeriak, dantza solte txapelketak eta, afrodance tailerra eta emanaldia izango dira, besteak beste. Aurten, gainera, goizaldean ere dantzaldia izango da: festetako azken egunean, 07:30ean, Herri Musika Elkartearen eskutik.
Familientzako eskaintza gehiago eta festak inklusiboak izateko ahalegina
Familientzako programazioa indartzeko ahalegina egin da aurten. Honela, ekainaren 24tik 27ra, egunero familientzako ikuskizun bat egongo da (17:00etan): Sardina freskue berriro Euskaldun Herrian (Eidabe konpainia); Modernoak (Ziriak Zirkus); Kitadelpare eta Zapotxin parranda elkarrekin! txaranga eta pailazoen ikuskizun ibiltaria eta Ekilikua (Tutik Clown). Horrez gain, haur-parkea eta txu-txu trena ere izango dira aurten ere.
Zezen-suzkoa bi egunetan izango da (24an eta 27an) eta azkeneko egunean, Lekittoko Deabruen piroteknia ikuskizuna ere bai.
Hernaniko Udalak sanjoanak geroz eta inklusiboagoak izan daitezen neurriak hartzen ari da. Honela, besteak beste, berriz ere sanjoanetako programan festetan botako diren suziriak markatuko dira eta festen hasieran gune inklusiboa zehaztuko da.