«Ezagutzen dugu genero gramatikalaren garrantzia, ikasi dugu genero diskriminazioa gure testuetan identifikatzen eta, orain, itzultzaile bezala, lan zailena egokitzen zaigu. Badakigu gure itzulpenak genero diskriminazioa murrizteko tresna ezinbestekoak direla, baina nola lortu dezakegu hori?, zer tresna dauzkagu? Ikastaro honetan, euskara-gaztelania norabidean itzuliko dugu, arreta genero gramatikalaren itzulpen konplexuan jarriz, betiere maskulino generikoa ekiditeko asmoarekin.
Testu mota ezberdinekin lan egingo dugu (testu informatiboak, literarioak eta administratiboak) eta genero gramatikalaren itzulpena praktikan jarriko dugu, hizkera ez sexistaren teknikak aztertuz, osatuz, eta gure itzulpenetan barneratuz. Agian ez dugu erantzun perfektua aurkituko, seguruenik ez dagoelako erantzun perfekturik, baina bideak lagunduko digu gure itzulpenetan hizkera sexistari aurre egiten, hainbat aukera ezagutzen eta teknika erabilgarriak garatzen, baliagarriak izango baitzaizkigu denak ere gure eguneroko lanean».
Irakaslea: Nora Acosta López. Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua eta Irakaskuntza Masterra ikasi zituen, EHUn. Graduan piztu zitzaion hizkera ez sexistarekiko interesa, eta horri heldu zion Gradu Amaierako Lanean. Lan horri EHUko Francisca de Aculodi saria eman zioten, eta, proiektu horretatik abiatuta, artikulu bat argitaratu zuen Senez aldizkarian: Hizkera ez-sexistaren erabilerarako itzulpen-teknikak. Gaur egun, gazteekin lantzen du komunikazio inklusiboa, Bigarren Hezkuntzan.
Noiz: 2025eko urriaren 1ean eta 2an, 2 saio.
Ordutegia: 16:30-19:30.
Ordu kopurua: guztira 6 ordu.
Non: Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Prezioa:
Bazkideak: 70 euro
Bazkide ez direnak: 90 euro
Izena emateko epea: 2025eko irailaren 9tik 17a (biak barne)
Oharra:
Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
2025eko irailaren 19an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.