
“Idazlearekin harixa emoten” irakurle taldearen saio honetan Uxue Alberdi izango dugu Hetero liburuari buruz berba egiteko. Aukera izango dugu ikasturteko saio honetan liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.
Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. etakitto Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako jarduera da honako hau.
Idazlea
Elgoibar, 1984 Euskal idazle da, bertsolaria eta Kazetaritzan lizentziatua. Literatura tailerren irakasle, itzultzaile, irakurle-taldeen gidari, letragile eta beste hainbat alorretan aritzen da lanean.
Hauek dira argitaratutako zenbait lan: Narrazioa arloan: Aulki bat elurretan (2007, Elkar, Igartza Sariaren irabazlea), Aulki-jokoa (2009, Elkar), El juego de las sillas, (Miren Agur Meabe itzultzaile) (Alberdania, 2012) Euli-giro (2013, Susa), Jenisjoplin (2017, Susa) Dendaostekoak (2020, Alberdania).
Saiakeran Kontrako eztarritik: emakume bertsolarien testigantzak (2019, Susa), Hili (2021, Elkar) eta Haur eta gazte literaturan: Ezin dut, eta zer? (2011, Elkar), Marizikina naiz, eta zer? (2012, Elkar), Zure denboraren truke (2013, Elkar), Txikitzen zaretenean (2013, Pamiela), Bi kobazulo (2015, Elkar), Besarkada (2015, Elkar) eta Poza (2018, Elkar)
Liburuaren sinopsia
Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.
Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan.