Hiru hilabetero, irudigile baten lana eskaintzen du Ilustratzailearen Txokoak. Oraingoan, Joseba Beramendi, Exprairen txanda da.
Joseba Beramendi, Exprai ezizenez ere ezaguna, Iruñean jaio zen 1973an. Komiki, diseinu grafiko eta animazio ikasketak egin zituen Escola Joso Komiki eta Arte Bisualen Zentroan (Bartzelona).
Urte luzez publizitate agentzietan lan egin du, diseinatzaile bezala. Horrez gain, komunikabide anitzetan aritu da eta aritzen da, betiere marrazketa alde batera utzi gabe: Xabiroiren zenbaki bakoitzean tira bat egiten du; Gara eta Berria egunkarietan udako zintak batean eta kontakizunak bestean ilustratu izan ditu; Xabiroi eta Ttap aldizkarietan ere marrazten du eta Gaztezulon kolaboratu izan du; Aizu! eta Nabarra aldizkarietan diseinatzaile eta ilustratzaile aritu da; Euskalerria irratiko irratsaio bat gidatu zuen; irratietako tertulietan parte hartu du; eta zineman ere kolaboratu du Black is beltza 2: Ainhoa filmeko pertsonaia batzuk diseinatzen.