Zortzi urtetan arrakasta izan duen Itsaspeko Bihotzak izeneko areto literarioa ekarriko dugu berriz Eibarrera.
Galtzagorri elkarteak eskaintzen duen areto literario honek genero-berdintasunaren gaia jorratzen du euskal haur-literaturaren bidez.
Horrela, hezkidetzan oinarritutako ibilbide artistiko-pedagogikoa diseinatu dute. Ibilbideak haur-literatura eta beste adierazpen artistiko batzuk hartzen ditu bereziki (ilustrazioa, jostea, artisautza, ikus-entzunezkoak).
Haur eta gazteentzako argitaratutako lanen artean, hezkidetza-parametro pedagogikoak dituztenak hautatu dira. Liburu zehatz bat aitzakiatzat hartuta, gelako txoko bakoitzean hezkidetzarekin zuzenean lotutako gai bat landuko da txikienekin.
Otsailaren 20tik 26ra Eibarren izango da erakusketa, Andretxean. Eibarko 6 ikastetxek parte hartzen dute, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin.
Familientzako saioa, otsailaren 25ean izango da, asteartea, 17:30etik 18:30era.
Izena emateko epea otsailaren 20tik 23ra izango da (biak barne).
Eibarko Udaleko Berdintasun Sailak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatutako jarduera da hau.