Irakurtzea praktika hezitzaile eta sortzailea da, gizabanakoetan jakintza eta irudimena sustatzen dituena. Horrela, irakurzalea den gizartea gizarte kritikoago, toleranteago, adeitsuago, zibikoago eta azken finean libreagoa da.
Hau kontutan izanik, KMK Liburutegiak irakurketa ardatz izango duen jarduera bat antolatu du irakurketa kluba eta solasaldiak uztartzen dituena.
Jardueraren dinamizatzaileak Uxue Alberdi eta Ander Izagirre izango dira. Bakoitzak bi ziklo gidatuko ditu; Uxuek bi ziklo euskeraz eta Anderrek beste biak gazteleraz.
Irakurketa klubeko saioak Errege-Erregina Katolikoak kaleko egoitzan izango dira, arratsaldeko 18:30etatik 20:00ak arte. Parte-hartzaile kopurua mugatua izango da (12 lagun) eta plazak inskripzio-hurrenkeraren arabera esleituko dira.
Uztailaren 16an, Anjel Lertxundi idazlearen Berbelitzen hiztegia liburua landuko da.
Gidaria: Uxue Alberdi
Laburpena:
Berbelitz, liburuko itzultzaile protagonista, gaztetatik hasi zen beste hizkuntzetako obrak euskarara itzultzen, beste munduak, beste begiradak, beste kulturetako sentiberatasunak euskarara ekartzen. Jakin-gose, apunteak hartzeko ohitura du bere itzultzaile lanaz bezala bere bizitza xumeko gorabeherez ere. Baina, urteari urte, apunteak pilatzen joan zaizkio, karpetak eta karpetak bete ditu ikusi eta bizi izan duenari buruzko apunteekin, bere baitako hausnarketekin, etxetik kanpora eta kanpotik etxera egindako bidaia benetakoekin eta mentalekin.
Baina urtetako lanak merezi izan ote du, hainbeste paperen artean ba ote dago fundamentuzko ezer? Apunteak erre ez erre dagoela, lagun idazle bati eskaintzen dizkio karpetak, zernahi egin dezan bertako apunteekin. Idazleak, karpetetako materiala begiratu ostean, interesgarriena jaso, eta lagunaren obsesio nagusien hiztegi bat «itzultzaile baten lanabes nagusia» osatuko du Berbelitzen hainbat testurekin.
Fikzioaren eta saiakeraren arteko testu hibrido bat da emaitza; Berbelitz itzultzailearen bitxikeriak eta jenialtasunak aurkituko ditu irakurleak haren oroitzapenen eta eguneroko bizitzaren zabuan.