2024ko Iruñaldia jaialdiaren barne.
Karrikiri kultur espazioak bi sortzaileren bidegurutzea eskainiko du: Angel Erroren azken poema-liburuaren aurkezpena eta Pettiren bakarkako kontzertu akustikoa.
Hasieran, Angel Errok azken sormena ekarriko du: Itzulpena-Traducción. Baliteke idazleak ondu duen sormenik bitxiena, ez hainbeste darabilen gaiei dagokienez (gutxi gorabehera betikoak baitira: amodioa, denboraren joana, egunerokoaren miraria…), nola lan honek proposatzen duen jolas linguistikoagatik.
Poesiaren itzulgarritasunaz luze eztabaidatu da. Esaterako, bada poesia, hain zuzen, itzulpenean ezinbestez galtzen den hori dela uste duenik. Itzulpena-Traducción liburua, beraz, poesia itzultzearen ariketa muturrera eramaten saiatzen da, onargarriaren muga bilatu nahian, alde batetik, eta, bestetik, gure herriko egoera diglosikoari keinu egiten dio, euskal hiztun derrigorrez elebidunak baino ezin baitu atzeman proposamen honen duotasuna eta egiaztatu zer galtzen eta zer irabazten den hizkuntza batetik bestera, eta akaso bide horretatik poesia benetan zertan datzan ulertzera hurbildu ere bai.
Bigarren atalean, berriz, PETTIren txanda izango da. Gitarra eskuan eta bakarka. Karrikirira ekarriko duen proiektuak pentsamendua, poesia eta doinua uztartzen ditu. Hain zuzen, komunikabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituen estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk. Gogoeta horiek bere egin, alanbikatu, eta hitz eta musika bihurtu dituzte Harkaitz Cano idazleak eta Pettik.